Azpeitian itxi dute apustua Gabirondok eta Zalduak

Mailo Oiarzabal 2020ko abenduaren 13a

Aizkoran eta segan neurtuko dituzte indarrak Urnietakoak eta Zumarragakoak, ekainaren 26an. Apustua non jokatuko duten ez dute zehaztu oraingoz. 6.000 euro jokatuko ditu kirolari bakoitzak.

Julen Gabirondo Urnietako segalariak eta Xabier Zaldua Zumarragako aizkolariak apustua hitzartu zuten atzo arratsaldean Landetako Mendizabal erretegian, Azpeitian.

Aizkoran eta segan ariko dira nor baino nor bi kirolariak datorren ekainaren 26an, 17:30ean hasita. Apustua non jokatuko duten ez zuten zehaztu atzokoan –Zalduari dagokio belardia aukeratzea–, baina bai gainerako baldintzak. Horrela, kanaerdiko hogeina enbor ebaki beharko dituzte aurrena, eta ondoren, bi ordu osatu arte egin beharko dute segan. Enborrei dagokienez, horietatik lau jarri beharko ditu Zalduak, eta Gabirondok eramango ditu gainerakoak. Bakoitzak 6.000 euro jarriko ditu jokoan.

Irailean Azpeitian jokatutako hirugarren Euskal Pentatloi Txapelketaren finalaren ondoren dator atzo itxitako herri kirol apustua. Final hartan, hirugarrenez jarraian jantzi zuen txapela Zalduak, eta Gabirondo sailkatu zen bigarren, bere lehen parte-hartzean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide