Jose Antonio Fernandez bilbotarrak irabazi du Zuhaitza argazki lehiaketa

Mailo Oiarzabal 2020ko abenduaren 12a

Hilaren 21ean banatuko dituzte Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Lagun Onak MBk Juan Joxe Agirre zenaren oroimenez antolatutako lehiaketa bereziaren sariak. Egun berean irekiko dute erakusketa ere, Betharrameko aretoan.

Jose Antonio Fernandez bilbotarrak, Fuego izeneko argazkiarekin, irabazi du Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAE) Lagun Onak MBrekin batera Juan Joxe Agirreren oroimenez antolatutako Zuhaitza argazki lehiaketa. Iñaki Aranburu azpeitiarrarentzat (Bi zuhaitz argazkiarekin) izango da bigarren saria, eta Carlos Mediavilla urretxuarrak (Urbasa argazkiarekin) jasoko du hirugarrena. Sari nagusietatik kanpo gelditu den lehen azpeitiarraren saria, berriz, Julen Juaristik jasoko du, Juanjon omenez 1 izeneko argazkiarengatik.

171 lehiakide eta 489 argazki aurkeztu dira Zuhaitza lehiaketara. Argazki horietatik 136 aukeratu zituzten lehen puntuaketa saioaren ostean epaimahaiko kideek –Andoni Aleman donostiarrak, eta Benito Kantero eta Juanjo Lopez Azurmendi bergararrek–, eta bigarren puntuaketa saiotik atera zituzten azken bozketarako 45 finalistak.

AAEk bere webgunean jarri ditu hiru saridunen argazkiak eta lehiaketaren akta ofiziala.

Sari banaketa eta erakusketa

Hain zuzen ere, saritutako eta finalisten artean sailkatutako 45 argazkiekin erakusketa irekiko dute hilaren 21ean, San Tomas egunez, Betharrameko erakusketa aretoan. Urtarrilaren 10a arte ikusi ahal izango da Zuhaitza lehiaketaren erakusketa, astegunetan 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara.

Erakusketa ireki aurretik, abenduaren 21eko 13:00etan, banatuko dituzte lehiaketaren sariak, Betharrameko aretoan bertan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide