Erika Olaizola: "Irakurleak material zintzoa aurkituko du 'Panpina' liburuan"

Anartz Izagirre 2020ko abenduaren 2a

'Panpina' antzezlanaren ostean, izen bereko liburua plazaratu du Erika Olaizolak (Azpeitia, 1989). Gidoiaz gain, sormen prozesuaren inguruko gogoetak argitaratu ditu.

Erika Olaizola 'Panpina' liburuarekin. (Susa argitaletxea)

Urtebete igaro da Panpina antzezlana estreinatu zenuenetik. Zein da antzezlanak izan duen ibilbidea?

Panpina bere ibilbidea egiten ari da, eta antzezlan batzuk bukatu ahala beste aukera batzuk heltzen zaizkit. Pandemia honen ondorioz bertan behera gelditu dira hainbat emanaldi, baina irailetik aurrera berrartu egin ditut horietako batzuk. Gero eta gehiago gozatzen dut antzezlanarekin; izan ere, estreinaldia eta gero fase berri bat hasten da, eta gauza berriak deskubritzen hasten zara. Oso positiboa izan da orain arteko ibilbidea.

Antzezlanaren sormen prozesuko gogoetak liburu batean bildu dituzu. Nondik iritsi zitzaizun proposamena?

Ganbila bildumaren barruan argitaratu da Panpina liburua; EHAZEk eta Susa argitaletxeak elkarlanean antolatzen duten bilduma da, eta urtean bitan hiruna liburu argitaratzen dituzte. Bilduma horren helburua da, besteak beste, antzerkia liburuetara eramatea; izan ere, euskal antzerkigintzan badago hutsune bat, aktoreok sarritan ez dugu oinarrian testurik izaten lan egin ahal izateko.

Zer topatuko du irakurleak liburuan?

Antzezlana sormen kolektiboaren emaitza izan zen, eta liburuan ere kolektibotasun hori islatu nahi izan dut. Gidoiaz gain, hainbat bloke ditu lanak. Alde batetik, nire ibilbideaz aritu naiz liburuan, eta antzezlanaren sormen prozesuaz zein nire ofizioaz hainbat gogoeta plazaratu ditut. Bestetik, Oier Guillanen, Javi Barandiaranen, Idoia Beratarbideren eta Leire Arenasen ekarpenak jaso ditut, horiek izan baitziren Panpinaren sormen prozesuan parte hartu zutenak. Horrez gain, Haizea Egiguren eta Edurne Mendizabal sexologoek ere parte hartu dute liburuan.

Beste hainbat artistak ere kolaboratu dute.

Bai, panpina kontzeptuak iradokitzen ziena idazteko eskatu nien hainbat artistari: Ainara Ortega, Eneko Sagardoi, Itziar Ituño, Izaro Andres, Koldo Almandoz eta Miren Amuriza. Oso polita izan da ariketa, hitz beretik abiatuta oso emaitza desberdinak atera baitira. Nik antzezlana sortu aurretik ariketa bera egin nuen, eta sormen prozesuan jakin nuen niretzat panpina hitzaren atzean zer zegoen.

2014. urtetik datorren zerbait da Panpina. Izango duzu, beraz, zer kontatua...

Hala da, baina liburuan motzean kontatu dut guztia. Hasierako bulkada hori nolakoa izan zen azaltzen dut, baita nola garatu zen ere. Sortu dudan materiala oso lotuta dago nire ofizioarekin, pertsonarekin eta pertsonaiarekin; izan ere, oso lotuta gaude Panpina eta ni. Irakurleak material zintzoa aurkituko du liburuan, nire hausnarketak baitaude. Hainbat galdera egin nizkion nire buruari, eta konturatu nintzen panpina kanpo begirada bat dagoenean bilakatzen dela panpina.

Urtebete egin duzu agertokietan, eta liburua etorri da orain. Panpinaren amaiera al da?

Oraindik ez dut proiektua amaieran dagoenik sentitzen. Urtea amaitzerako bi emanaldi ditut momentuz, eta ea 2021. urtean emanaldi gehiago egiten ditudan. Oso ederra da antzezlana taularatzen ari zaren unean liburua argitaratzea, elkarren osagarriak baitira; biak aldi berean egotea oso aberatsa da Panpinarentzat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide