Lagun Onak eta Anaitasuna gizonezkoen Espainiako Hirugarren Mailako futbol taldeek derbia jokatuko dute Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian, bihar, larunbata, 16:00etan hasita. Ezohiko derbia izango da aurtengoa, ordea. Egungo osasun egoerak eraginda, eta Eusko Jaurlaritzak indarrean dituen neurriak tarteko, ez da besteetan bezalako derbi usainik izango harmailetan.
Joanes Otamendi (Azpeitia, 1990) eta Markel Eskurtza (Azkoitia, 1991) Lagun Onak eta Anaitasuna taldeetako kapitainak dira, hurrenez hurren, eta derbiaren lekuko izango dira biharko norgehiagokan. Jakitun dira zaleen falta nabarmena izango dela. Otamendiren esanetan, biharko derbia "berezia" izango da. "Zelaia zalerik gabe egoteak eragin egingo digu; beste edozein talderen aurka ere deskafeinatua gelditzen da partida, eta horrelako derbi batean zer esanik ez. Ederra da zelaian ezagun ugari ikustea, eta horrek gogo gehiago eragiten du", esan du azpeitiarrak. Eskurtza ere penatuta dago partidan Anaitasunaren jarraitzailerik ez delako izango. "Partida honek sortzen duen gauzarik politena faltako dugu asteburuan, eta partidan ere nabarituko dugu hori. Elkarren arteko lehia berezia izango da, baina neurketak asko galduko du publikorik gabe", adierazi du azkoitiarrak.
Hiru denboraldi pasatu dira derbia azkenekoz jokatu zutenetik Lagun Onakek eta Anaitasunak. Otamendirentzat Hirugarren Mailan jokatuko duen lehen derbia izango da biharkoa. "Derbia urtero jokatuko balitz, edukiko luke esanahiren bat, baina oraindik ez dut hori ezagutzen. Alboko herritarren aurka jokatzea, guztiak ezagunak izanda, desberdina da. Pultsazioak besteetan baino bost-hamar aldiz handiagoak izango dira egonean egonda ere", azaldu du. Eskurtzak, berriz, badu esperientzia derbietan, eta Azpeitiko taldearen aurkakoa partida "oso berezia" dela dio, "inguruan sortzen den giroagatik batik bat. Oso polita da bai Garmendipe eta bai Txerloia jendez gainezka ikustea", dio.
Prestaketak gogoz
Derbi aurreko uneak gogotsu prestatzen dituzte Azpeitian eta Azkoitian, eta are gogotsuago helburua alboko herriko taldeari irabaztea denean. Otamendik azaldu du "urduri" daudela Lagun Onakeko jokalariak, Anaitasunaren aurkako neurketa "desberdina" delako. "Ez da berdina Santurtziren edo Anaitasunaren aurka jokatzea. Gogotsu gaude eguna iristeko", erantsi du azpeitiarrak. Eskurtzak, bestalde, urduritasunak "partida egunean gehiago" izaten dituztela dio, baina prest daudela. "Gogotsu gaude joan den asteko ligako porrot gogorrari buelta emateko", azaldu du.
Bi taldeek elkarri buruz ere hitz egin dute. Biek ala biek ez dute aukerarik izan oraindik biharko aurkaria aztertzeko. Otamendi Lagun Onakeko kapitainak Anaitasunako futbolari beteranoenak ezagutzen dituela azaldu du. "Hirugarren Mailan egoteko maila dute, eta batik bat oreka hausteko moduko maila dute aurreko lerroan. Gainera, Errege Kopan aurrera egin dute. Mailaz igo edo ez ibiltzen dira beti eta irabaztera ohituta dagoen taldea da". Eskurtzak, berriz, Lagun Onaken egungo egoera baliatu nahi du Azpeitian irabazi eta hiru puntuak Azkoitira eramateko. "Badakigu Lagun Onakekoak ez datozela unerik onenean biharko norgehiagokara, eta aukera hori aprobetxatzen ahaleginduko gara. Halere, Hirugarren Mailan urte asko daramatzan taldea da, gure aldean esperientzia gehiago dute, eta hori haien alde erabil dezakete", esan du Anaitasunako kapitainak.
Azken urteetako derbiak Lagun Onaken aldekoak izan dira edo berdinketarekin amaitu dituzte; Otamendik ez du uste horrek eraginik edukiko duenik biharkoan. "Azken urteetako emaitzek ez dute eraginik edukiko, ezta bakoitzaren orain arteko dinamikak ere. Niri ahaztu egiten zait nola goazen eta aurretik zer egin dugun. Neurketak irauten duena irauten du, eta hor erakutsi behar da irabazteko nahia", adierazi du azpeitiarrak.
Eskurtza ere azpeitiarraren uste berekoa da. Azken urteetako emaitzak Azkoitiko taldea "motibatzeko" balio izatea nahi du Anaitasunako kapitainak: "Hiru helburu jarri genituen denboraldi honetarako: Hirugarren Mailari eustea, Errege Kopara sailkatzea eta Lagun Onaki partida ofizial bat irabaztea ligan. Errege Koparako jarrita genuen helburua lortu dugu; ea biharkoan bigarrena lortzen dugun".
Partida zuzenean, Azpeitiko Udalak babestuta
Bihar, larunbata, partida garrantzitsua jokatuko dute Lagun Onakeko eta Anaitasunako gizonen lehen taldeek: derbia izango da, 16:00etan hasita, Garmendipe futbol zelaian. Urrezko hiru puntu izango dira jokoan, Espainiako Hirugarren Mailako sailkapenean gora egiteko balioko baitiete horiek bi taldeei. Dena den, zaleen berorik ez dute izango bi taldeek norgehiagokan; izan ere, koronabirusaren hedapena saihesteko ezarritako neurrien artean da kirol ekitaldietan publikorik ez izatea.
Hori horrela, Uztarria.eusek, Maxixatzen.eusek eta Erlo telebistak partida zuzenean emango dute, horrenbestez herritarrek norgehiagoka zuzenean ikusteko aukera izango dute. Azpeitiko Udalaren babesarekin egingo dute zuzeneko emanaldia, 15:50ean hasita.
Lagun Onakeko bazkideek, berriz, Sanagustin kulturgunean ikus dezakete biharko derbia, 16:00etan hasita. Guztira, 80 lagun sar daitezke aretora eta derrigorrez erakutsi beharko dute bazkide txartela. 16:05etik aurrera lekua baldin badago, gainontzekoak ere sartu ahalko dira.
Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) grabatuko du partida hainbat kamerarekin, eta bi lagun ariko dira esatari lanetan: Jon Orbegozo Lagun Onakeko jokalari ohia eta Andoni Elduaien UKTko kazetaria.