Atzo, asteazkena, aurkeztu zuten Hernaniko Orona-Ideoren egoitzan Binakako 50. Erremonte Txapelketa. Aurtengo edizioa bi arrazoi tarteko berezia izango dela azpimarratu du txapelketaren antolatzailea den Oriamendi enpresak: "Aurreneko arrazoia, zalantzarik gabe, mundu mailako osasun krisia da, eta horrek ere erremontea baldintzatu egiten du, beste edozein ekitaldi bezala. Bigarren arrazoia da aurten txapelketak 50. edizioa ospatzen duela, beraz, urezko ezteiak betetzen ditu". Kirolaren eta osasunaren arteko "oreka" bilatuz prestatu dute aurtengo edizioa.
Txapelketa Hernaniko Galarreta pilotalekuan jokatuko da larunbatean, azaroaren 21ean, hasita. Finala, berriz, 2021eko urtarrilaren 2an jokatuko da. Bost bikote ariko dira txapelketan eta denek denen aurka jokatuko dute. Eskualdeko lau erremontista ariko dira lehian: Labaka eta Aizpuru III.a azpeitiarrak, Larrañaga azkoitiarra eta Segurola aizarnazabaldarra. Txapelketako bikoteak honakoak dira: Urriza-Labaka, Ansa II.a-Aizpuru III.a, Juanenea-Larrañaga, Goikoetxea V.a-Endika eta Segurola-Barrenetxea IV.a.
Larunbatean txapelketako bi partida jokatuko dira: lehenengoan, Urrizak eta Labakak Juanenearen eta Larrañagaren kontra jokatuko dute. Bigarrenean, berriz, Segurolak eta Barrenetxea IV.ak Goikoetxea V.aren eta Endikaren aurka neurtuko dituzte indarrak.
Puntuazioa ohikoa izango dute txapelketan: lau puntu partida irabazteagatik, bi puntu 36-39 tantoren artean eginez gero, puntu bat 32-35 tantoren artean eginez gero, punturik ez 26-31 tantoren artean eginez gero, eta puntu bat kenduko da 25 tanto edo gutxiago eginez gero.
COVID-19aren eraginez ez dute txapelketaren partidarik atzeratuko antolatzaileek. Lau bikote sailkatuek abenduaren 26an neurtuko dituzte indarrak bi finalaurrekoetan. Partida batean, ligaxkako lehen bikoteak laugarren bikotearen aurka jokatuko du, eta beste neurketan bigarrenak hirugarrenaren kontra. Finalaurrekoetako bi bikote irabazleek jokatuko dute txapelketaren finala, 2021eko urtarrilaren 2an.
Iaz Binakako Erremonte Txapelketako txapelduna izan zen Larrañaga, Urrizarekin bikotea osatuta. Matxin III.aren eta Barrrenetxea IV.aren aurka irabazi zuten finala.