Gaur, osteguna, hasiko dira XXXVIII. Euskal Antzerki Topaketak Azpeitian. Iraia Elias eta Amancay Gaztañaga aktoreek Matriuska lana taularatuko dute 19:30ean hasita, Dinamoa sormen gunean. Helduei zuzendutako lana da bi aktoreek eskainiko dutena, eta sarrerak salgai daude Azpeitiko Udalaren webgunean. Aitziber Arzallus kazetariak Gipuzkoako Hitzarako Matriuska lanaz egindako erreportajea honako lotura honetan irakur daiteke.
Bihar eta etzidamu ere izango dira antzezlanak, eta horiek guztiak ere Soreasu antzokian eskainiko dituzte. Bihar, ostirala, Vaiven produkzioaken Erlauntza lana ikusi ahal izango da (19:30); eta igandean, Xake produkzioaken Fadoak entzuten zituen gizona (19:30). Emanaldi guzti horietarako sarrerak ere udalaren webgunean eskura daitezke, bost euroren trukean.
Larunbat arratsalderako programatutako Kaskarot lanaren emanaldia, aldiz, bertan behera utzi behar izan dutela jakinarazi du Azpeitiko Udalak. Haurrei eta helduei zuzendutako ATX teatroaken obra da Kaskarot, eta larunbatean 17:00etan hasita ematekoak ziren Soreasu antzokian, baina "osasun arazoak tarteko", ez da emanaldirik izango. Udalak esan du aztertuko duela aurrerago antzezlan hori eskaintzeko aukera.
Mugakide diren herrietako bizilagunak joan daitezke
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak aste honetan hartu dituen neurri murriztaileak direla eta, Antzerki Topaketei eragiten dieten hainbat neurri hartu zituen atzo, osteguna, Azpeitiko Udalak. Batetik, emanaldi guztiak Soreasun izango dira, gaur arratsaldekoa izan ezik. Bestetik, Soreasuko edukiera %30era murrizteko erabakia hartu du udalak. Hala, gehienez ere 160 lagun sartuko dira emanaldi bakoitza ikustera. Eta azkenik, Azpeitiko bizilagunak ez diren eta emanaldiren baterako sarrera erosita duten herritarrei dirua berreskuratzeko aukera emango die udalak, kultura@azpeitia.eus helbidera idatzita edo 943-15 70 68 telefono zenbakira deituta.
Eusko Jaurlaritzak zehaztu duenez, baina, Azpeitiarekin mugakide diren herrietako bizilagunek badute Antzerki Topaketetako emanaldietara joateko aukera, "sarrerarekin behar bezala justifikatzen bada".