Ostalaritzako eta merkataritzako langileei dei egin die Azpeitiko alkateak, baheketan parte har dezaten

Mailo Oiarzabal 2020ko urriaren 15a

"Kezkatuta" agertu da Nagore Alkorta koronabirusaren hedapenak herrian hartu duen joerarekin. Egunotako proben emaitzen zain daudela esan du eta ez du baztertu horien arabera "erabakiak" hartzea.

Nagore Alkorta alkatea "kezkatuta" agertu da gaur, beste behin, azken egunetan koronabirusaren hedatzeak herrian utzi dituen datuekin. Izarraitz pilotalekuan izan da Alkorta arratsaldean; eguerdian hasita han egiten ari diren PCR bidezko baheketa selektiboan lanean ari direnekin eta komunikabideekin hitz egin du han.

Oraingoz, proben emaitzen zain egongo direla adierazi du alkateak, eta horien arabera neurriak hartzea ez du baztertu: "Badakigu herritarrak kezkatuta daudela, gu ere hala gaude, baina ikusi egin behar da zer emaitza ematen dituen baheketak. Horren arabera hartuko ditugu erabakiak, Osasun Sailarekin elkarlnanean".

Baheketaren ardura duten Osakidetzaren ordezkariak kanpainaren lehen orduetan herritarrak izaten ari diren erantzunarekin "gustura" daudela esan du Alkortak. 17 eta 40 urte arteko azpeitiar guztiak daude deituta gaurtik zapatura baheketa selektiboan parte hartzera, baina alkateak "bereziki" dei egin nahi izan die herriko ostalaritzan eta merkataritzan lanean ari direnei, baheketan parte har dezaten.

Esker oneko hitzak izan ditu Azpeitiko alkateak egunotan "goizean hasi eta gaueraino" lanean ari diren osasungintza publikoko langileei, "herria babesteko eta zaintzeko duten dedikazioarengatik eta ardurarengatik".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide