COVID-19aren hedapena dela eta, Frantziak atzo iragarritako neurriak tarteko, eta Azpeitian azken egunetan izan den positiboen gorakadaren ondorioz, larunbaterako Mont de Marsanera prestatutako martxa bertan behera utzi du Azpeitiko Sarek; izan ere, ekimena modu egokian egiteko baldintzarik ez dagoela baloratu du. "Atsekabe handiz baina arduraz jokatzeko momentua dela ikusita" hartu du erabakia. Egoera hobetzen denean "martxa handiagoa, zabalagoa eta jendetsuagoa" antolatzeko konpromisoa hartu du Azpeitiko Sarek.
Egitasmoa prestatu ahal izateko prestutasuna adierazi duten guztiei eskerrak eman dizkiete, hala nola izen-emate orriak bete dituzten lagunei, prentsaurrekora gerturatutakoei, komunikazio lanetan lagundu dietenei, Mont de Marsango egitarauan parte hartzekoak ziren Xabier Silveirari, Josu Iraolari eta Aire Ahizpei nahiz Iheskide, Rotten XIII, The Fridays Crew eta Kaleko Urdangak musika taldeei.
Horrez gain, urriaren 24an, zapatua, 17:00etan Donostiako Antiguatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egiten diete herritarrei. Resolution, presoak etxera lelopean bilduko dira han, eta Azpeititik garraio publikoa erabiliz edo norbere kabuz joateko esan dute.