Gipuzkoako Foru Aldundiak prebentzioko PCR probak egingo ditu Azkoitiko eta Azpeitiko adinekoen egoitzetan

Andoni Elduaien 2020ko urriaren 15a

Azkoitian egin dituzte dagoeneko testak; Azpeitian, gaur egingo dituzte. Gipuzkoan zehar 1.500 PCR proba egin nahi ditu aldundiak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo jakinarazi zuenez, joan den ostiralean, urriak 9, prebentzioko PCR probak egiten hasi ziren Foru Aldundiko eta DYAko osasun taldeak Gipuzkoako hainbat adinekoen egoitzetan, tartean Azkoitiko San Jose eta Azpeitiko San Martin egoitzetan. Osasun egoera kontuan hartuta, intzidentzia tasa handiena duten herrietan hasi dira probak egiten.

Aldundiaren asmoa Gipuzkoako adinekoen egoitzetan 1.500 PCR proba egitea da. Azkoitiko San Jose egoitzan, esaterako, egin dituzte probak dagoeneko. Azpeitian, berriz, gaur egingo dituzte probak. Egoitzetako erabiltzaileei eta langileei egin dizkiete testak osasun langileek. "Birusa egoitzetan sartzea prebenitzea, eta hala badagokio, detektatu eta hedapena geldiaraztea" nahi dute aldundiko eta DYAko osasun taldeek.

Azkoitian eta Azpeitian egin bezala, testak egingo dituzte Tolosan, Villabonan, Zizurkilen, Beasainen, Seguran eta Legazpin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide