Aurreko astean Azkoitian eta Gasteizko Sansomendi auzoan egindakoen ondotik —Gasteizen aste honetan jarraitzen dute probak egiten—, Azpeitian egingo du Osakidetzak SARS-CoV-2 birusa detektatzeko eta bere hedapena mugatzeko PCR bidezko hirugarren baheketa selektiboa.
Ignacio Garitano Osasun Sailaren eta Osakidetzaren Zaintza eta Kontrolerako programaren koordinatzaileak eman du albistea. Garitanok azaldu duenez, birusaren intzidentzia tasa eta bilakaera aztertu ondoren hartu dute Azpeitian ere baheketa selektiboa egiteko erabakia. Osakidetzak gaur plazaratu duen txostenaren arabera, 42 positibo atzeman dituzte herrian azken lau egunetan eta nabarmen egin du gora 100.000 biztanleko hamalau eguneko positiboen tasak: joan den ostegunean 524,74koa zen tasa hori, eta orain 763,87koa da. Hain zuzen ere, 10.000 biztanletik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri eta hiri guztien artean bigarren tasa handiena duena da Azpeitia, Azkoitiaren atzetik (984,24). Positiboen gorakadaren isla erakusten du I(D)/I(D-7) intzidentzia tasaren arrazoiak ere: 1,89raino igo da.
Azpeitian 17 eta 40 arteko herritarrak deituko dituzte PCR-ak egitera, Garitanok aurreratu duenez. Probak non, zenbat egunez edota zer ordutegirekin egingo dituzten ez du zehaztu, eta esan du xehetasun guztiak datozen orduetan jakinaraziko dituztela.
Horren harira, Nagore Alkorta alkateak esan du Zumarragako Ospitaleko arduradunaren deia jaso duela arratsaldean, Azpeitian egin nahi duten baheketaren berri emanez, baina horrez gain "informazio ofizialik ez" duela, momentuz, udalak. Baheketan parte hartzera gonbidatuko dituzten herritarrak zein adin tartekoak izango diren ere ez diotela zehaztu esan du Alkortak: "Bihar goizean Zumarragako eta Azpeitiko osasun etxeko arduradunek bilera egingo dutela esan dit, eta bilera horretan erabakiko dituztela bai adin tartea, bai beharko duten espazioa, eta orduan informatuko gaituztela, guk dauzkagun baliabideak haien eskura jartzeko".
Alkateak onartu du azken asteko "gorakada" dela-eta "kezkatuta" dagoela udala. Goraka horren arrazoiak edo balizko iturriak ez dakizkitela esan du Alkortak, baina gaineratu du udalak prestatutasun osoa duela Osakidetzarekin kolaboratzeko: "Orain arte harreman oso ona izan dugu Osasun Sailarekin, koordinatuta gaude. Uste dugu erabakitzen dutena ondo egongo dela eta prest gaude erabakitzen duten hori aurrera eramateko guri dagozkigun bitarteko denak jartzeko".
Azkoitiko emaitzak
Joan den astean Osakidetzak herrian egin zuen baheketa selektiboaren emaitzak gaur jakinarazi ditu Ignacio Garitano Osakidetzako Arakatze Sistemaren koordinatzaileak. Haren esanetan, guztira 3.069 herritarrek egin zuten borondatezko PCR proba, eta horietatik 35ek eman dute positibo, proba egin zuten herritarren %1,14k, hain zuzen.
Asteazken eguerditik larunbat eguerdira bitartean guztira 3.152 azkoitiarrek egin zuten PCR proba Gurea pilotalekuan: horietatik 3.069k, euren borondatez, baheketan parte hartzeko; gainontzekoek, Osakidetzak eskatuta, sintomak zituztelako edo positiboren baten hurbilekoak zirelako. Horregatik, borondatez joandako herritarren emaitzak bakarrik hartu dituzte kontuan baheketaren emaitzak ematerakoan.
Baheketaren inguruan balioespen "positiboa" egin du Garitanok, aukera eman dielako kasu berriak atzemateko eta isolatzeko, eta baita haiekin kontaktu estua izan duten herritarrei jarraipena egiteko ere. Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea, bere aldetik, zuhur agertu da datuen berri izan ostean. "Ezin gara erlaxatu. Birusaren intzidentzia gure artean esanguratsua da, eta pandemiaren aurkako borroka irabazi eta kontrolpean izateko ahalegin guztiak egin behar ditugu". Aitortu du azken egunetako goranzko joera orokorra ikusita, datu okerragoen beldur zela. Herrian baheketa selektiboa egin izanak birusaren hedapena geratzen lagunduko duela uste du, "eta ez da gutxi". Zubizarretaren hitzetan, "adituei dagokie emaitzen irakurketa egitea eta guri lanean jarraitzea baheketak ahalbidetu dizkigun datuekin konformatu gabe". Biek ala biek eskar eman diezkiete baheketan parte hartu duten herritarrei.