Betaurreko moreak jantzita neska gazteekin lan egiteak duen garrantziaz jabetuta, egitasmo berri bat jarriko dute martxan Azpeitian: Neska* Gazteen Txokoa. Duela sei urte ireki zuten Azpeitiko Emakumeen Txokoa, eta orduz geroztik adin guztietako emakume ugari pasatu dira bertatik. Aurrerantzean, neska gazteek ere han izango dute beren lekua.
Egitasmo berri honen helburua da Azpeitiko hezkidetza programaren barruan garatzen diren Autoantolaketako ikasleekin lanean jarraitzeko espazioak eta aukerak sortzea. Ione de la Cruz (Azkoitia, 1993) Emakumeen Txokoko dinamizatzailea da, eta hark kontatu ditu egitasmo berriaren inguruko xehetasunak.
Neska* Gazteen Txokoa sortzearen ideia duela bi-hiru urte egindako hausnarketa baten ondorioa izan dela azaldu du Emakumeen Txokoko dinamizatzaileak: "Orain dela hiru urte herrietan identifikatuta genituen emakume zaurgarrien kolektiboen inguruan hausnartzen hasi ginen Gipuzkoako Jabetze Eskolen Sarean parte hartzen dugun bost herrietako emakumeok. Identifikazio lan horren barruan, gure herrira begira, konturatu ginen neska gazteak bazirela zaindu behar genituen kolektibo bat; bazuela garrantzia haiekin lanean jarraitzeak. Ohartu ginen Autoantolaketa taldeetan ibilitako neskekin harremana mantentzea garrantzitsua zela. Behar horri erantzuteko, azken bi urteetan Autoantolaketa taldeetako neska beteranoekin aritu gara lanean, baina horri ere mugak ikusten genizkion. Hori dela eta, Neska* Gazteen Txokoa sortzea ideia egokia izan zitekeela pentsatu genuen".
Neska* Gazteen Txokoa DBH3. mailakoetatik hasi eta 18 urte bitarteko Azpeitiko neska gazte guztiei zuzenduta egongo da. Emakumeen Txokoko dinamizatzailea eta Neska* Gazteen Txokoko dinamizatzailea arduratuko dira egitasmoari "forma" emateaz, baina izango dituzte bidaideak. "Nahiz eta gu ari garen egitasmoa diseinatzen, harremanetan gaude hezkidetza proiektuetako hezitzaileekin eta Harremanitzeko nahiz Gaztelekuko arduradunekin. Izan ere, guretzat oso garrantzitsua da eragile horiekin lan egitea. Gazteria Sailetik ere ari dira egitasmoari zabalpena ematen".
Lehen hitzordua, 16an
Dagoeneko zehaztuta dute Neska* Gazteen Txokoko lehen hitzordua: urriaren 16a. Bertan, egitasmoaren inguruko xehetasunak azaldu eta datozen hilabeteetara begira egin daitezkeen gauzen inguruan hitz egingo dute. "Asmoa da aurkezpen labur bat egitea, eta neska gazteen interesak ezagutzea. Horrez gainera, egutegiaren aurrean jarri, eta egin nahi ditugun gauzak zehazten hastea", adierazi du De la Cruzek.
Emakumeen Txokoko kudeatzaileak azaldu duenez, beren helburua da neska gazteen nahietatik abiatutako lanketa egitea, izan teorikoa zein praktikoa. "Finean, helburua da ikuspegi feministatik formatzeko aukerak eskaintzea eta eskolan zein kalean antolatzeko tresnak nahiz baliabideak ematea", azaldu du. Autoantolaketa taldeetan desberdinak izaten dira bertan parte hartzen duten nesken interesak. Hori dela eta, Neska* Gazteen Txokoan ere bertaratzen direnen interesetatik abiatutako plangintza osatu nahi dute.
Eskaintza aukeran
Nesken artean dauden interesak desberdinak izanik, eskaintza ere interesetara moldatu dute: "Zenbait neskak barrura begirako lanketa egin nahi izaten dute: formakuntza saioak egin, entzun, irakurri… Beste batzuk, aldiz, ekintzetara jotzen dute batik bat: eskoletan pankartak jarri, gelaz gela pasatu azalpenak emanez… Interesak desberdinak diren heinean, horietara moldatu behar da eskaintza ere. Horregatik, aniztasun hori ikusita, bi atal sortu ditugu Neska* Gazteen Txokoan. Alde batetik, formakuntza eta ahalduntze indibiduala bilatzen duena, Jabetze Eskolen antzeko formakuntza multzoa osatuz. Eta, bestetik, herrira eta kalera begirako lanketa landuko dugu, ekintzen bidez izan daitekeena".
Jabetze tailerretan jorratuko dituzten gaiak ere gazteek erakutsitako interesen arabera zehaztu dituzte. "Autoantolaketan egin ditugun lanketetan ia beti mahaigaineratzen diren gaiak dira: maitasuna, edertasun ereduak, sexualitatea…".
Aurreneko ikastaroa urriaren 30ean egingo dute, Edertasun ereduak eta lodi erresistentziak izenburu hartuta,17:00etatik 18:30era. "Emakumeen Txokoan antolatu dugun solasaldi bat aprobetxatuz egingo dugu lehen saio hori. Asmoa da, Lukrezia Manzon aktibistak Emakumeen Txokoan eskainiko duen hitzaldiaz hausnartzea neska gazteekin. Izan ere, askotan hitzaldietan hitz potoloak erabiltzen ditugu, eta zenbait gauza ez ditugu ondo ulertzen, edo ez gara gure iritzia ematera ausartzen. Lehen saioan lodifobiaz eta edertasun ereduez hausnartzea da asmoa", zehaztu du De la Cruzek.
Bigarren ikastaroa, azaroaren 20an eskainiko dute, Maitasun erromantikoaren mitoak izenburu hartuta. Hirugarrengo saioan, berriz, autodefentsa feminista landuko dute. Saio hori abenduaren 5erako antolatu dute..
Ekimen zehatzetarako bilerak eta prozesu kolektiboak ikasturte osoan zehar egingo dituzte. Autoantolaketako gazteekin izandako esperientziari jarraituz, ostiraletan elkartuko dira Neska* Gazteen Txokoan. Dena dela, hitzordua erabiltzaileen beharretara moldatzeko aukera egongo dela zehaztu dute.
Tailerretan parte hartzeko, izena eman beharko da, saioaren eguna baino bost egun lehenago. Hala ere, urriaren 16an, ostirala, lehenengo bilera egingo da, 17:30ean. Bilera eta ikastaro guztiak Azpeitiko Emakumeen Txokoan izango dira.