Testuinguru arraroa egokitu zaizu Esencia biran. Nolakoa da koronabirus garaian kontzertuak ematea?
Denok nahiko genuke kontzertuak koronabirusaren aurretik ziren bezalakoak izatea, edukiera murriztu gabe, distantziarik gabe, segurtasun gehiagorekin eta lasaitasunez. Gure gremioak esfortzu handia egin du arauak betetzeko nahiz betearazteko, baita inork arriskurik izan ez dezan bermatzeko ere. Zentzu horretan, denok seguru gaude, baina nik esan ohi dudan bezala, horrek guztiak hainbat muga dakartza, eta muga horiek zenbat eta lehenago gainditu, hobeto.
Ia bi urte daramatzazu bira honetako kontzertuak ematen. Nola joan zaizkizu orain artekoak?
Esencia biran oso eroso ari naiz sentitzen, eta asko ari naiz gozatzen; batez ere, Europan. Izan ere, Europan zehar eman ditudan kontzertuek formatu ezberdina izan dute, piano-jotzaile eta txelo-jotzaile batekin ari bainaiz eskaintzen emanaldiak. Horrek, nire kontzertuak modu intimoago eta sentiberago batean goza ditzadan ekarri du.
Nolakoa izango da igandean Azpeitian emango duzun kontzertua?
Orain arteko kontzertuen antzekoa izango da Azpeitian emango dudana ere, eta jendeak nire abesti klasikoez gain, berriago batzuk ere entzun ahal izango ditu emanaldian. Sekulako gogoa dut formatu honetako kontzertua eskaintzeko.
Zergatik erabaki duzu Azpeitian kontzertua ematea?
Nire ibilbidearen hastapenetatik aukera izan dut hiri handietan kontzertuak emateko, milaka entzulerekin; beste batzuetan, ordea, ehun lagun edo gutxiago elkartu diren emanaldietan ere izan naiz, baita herri eta hiri txikietan ere. Niretzat bi aukerak dira zirraragarriak. Azpeitian jo ahal izatea sekulako zortea da, 40 urteren ostean Euskal Herriko herri txiki batera itzuliko bainaiz, 1980ko hamarkadan sarri egin ohi nuen moduan. Hain justu, hamarkada horretan hilabetez bizi izan nintzen Euskal Herrian, eta hainbat hiri eta herri igaro nituen garai hartan. Beharbada nire adineko norbaitek gogoratuko du.
Askotan aipatu duzu Esencia birak formatu intimoa duela. Zer esan nahi duzu horrekin?
Halaxe da. Agertokira bi lagun eta musikari kubatar handirekin igoko naiz, Ivone Tellezekin eta Caridad Varonarekin, eta formatu intimoagoa eta sendoagoa da eskaintzen duguna. Orkestra ukituarekin aurkeztu ohi nituen abesti askok magia berezi bat dute bira honetan, horregatik diot berezia dela bira hau.
50 urte baino gehiago daramatzazu musika munduan, eta hainbat disko atera dituzu urteotan. Nola definituko zenuke zure ibilbide artistikoa?
Nire ibilbidean musika genero asko esploratu ahal izan ditut: Kubako erritmo tradizionalak, boleroak, jazza, rocka, eta nola ez, kantautoreena. Batez ere, nire kubatar kutsutik egin dut musika urte hauetan guztietan, nire sorkuntza guztian eragina izan baitu horrek.
Musika eta musika industria zeharo aldatu dira azken urteetan. Garai berrietara egokitu beharrik izan al duzu?
Erabat aldatu dira, bai. Diskoen grabaketak, banaketa, formak nahiz musika kontsumitzeko moduak oso desberdinak dira gaur egun. Nire belaunaldiko musikariok egoera berrietara egokitu behar izan dugu, bestela ez geundeke kontzertuak ematen gaur egun. Dena den, norberaren esentzia mantendu behar du musikariak, eta ez dugu ahaztu behar gure sorkuntzaren oinarri-oinarrizko printzipioak zeintzuk diren.
Iraungitze datarik ez duten abestiak sortu dituzu. Hain zuzen ere, gaur egun oraindik ere ezagunak dira Yolanda bezalako kantuak. Zein da zure abestien arrakastaren errezeta?
Askotan galdetu izan didate hori. Ez dut uste errezeta espezifikorik dagoenik kantuek arrakasta izateko, baina bai hainbat faktore horretan eragina dutenak; besteak beste, sinpletasunetik lan zintzo bat eskaintzea garrantzitsua da, norberarekin lotura estua duena.
Sei hamarkadaren ostean, zer geratzen zaizu sortzeko?
Beti dago zerbait berria eskaintzeko, ezta? Hori da egunerokotasunean ilusioa eragiten didana, eta musikariok beti dugu buruan melodia edo testuren bat, baita beste musikari batekin abestiren batean kolaborazioren bat egitea ere.
Zeintzuk dira zure proiektu berriak?
Hainbat proiektu dut buruan, baina hiru soilik aipa ditzaket gaur-gaurkoz: duela gutxi hainbat musikari kubatarrekin grabatu nuen jazz piezekin disko bat; gitarrarekin soilik grabatu dudan disko bat, 1970eko hamarkadan grabatu nituen nire lehen lanetara eramaten nauena; eta nire abesti klasikoen disko bat, salsa ukituekin.