Guztira, ehun positibo inguru zenbatu dituzte Azpeitian

Julene Frantzesena 2020ko abuztuaren 17a

Ostiraletik gaur arte egindako 2.500 bat probetan ehun bat kasu atzeman ditu Osakidetzak. Fokua "lokalizatzen eta ixten" ari direla uste dutela adierazi du Nagore Alkorta alkateak. Dena den, Alde Zaharretik kanpoko tabernariei ere PCR proba egiteko deia egin die hark, gaur eta bihar ere gauzatuko dituztelako. Orain arteko neurriek indarrean segituko dute, eta bihar ez da ohiko azokarik izango Betharrametan. Azpeitiko Udalak elkarlanerako deia egin die eskualdeko udalei, Azpeitiko fokoa ez delako "kasu isolatua".

https://www.youtube.com/watch?v=kf2DFZhLeHA

Ehun bat koronabirus kasu positibo. Horiek zenbatu ditu Osasun Sailak Azpeitian joan zen ostegunetik atzora arte egindako PCR probetan –ostegunean hamahiru eta ostiralean eta zapatuan 47 kasu atzeman zituzten–. Alde Zaharreko fokuari lotuta, dagoeneko 2.500 bat proba gauzatu ditu Osakidetzak, eta gehiago egiten jarraituko du gaur eta bihar ere. Izan ere, Osakidetza hasi da dagoeneko positibo eman duten herritarren kontaktuei deitzen, proba egitera joan daitezen. Gainera, Azpeitiko Udalak Alde Zaharrean kokatuta ez dauden tabernariei ere proba gauzatzeko deia egin die.

Nagore Alkorta alkateak azaldu duenez, "proba asko" ari dira egiten, eta egunotakoekin, 3.000 batera iritsiko direla uste du. Fokua "lokalizatzen eta ixten" ari direla uste dutela ere adierazi du: "Uste dugu fokoari gain hartu diogula. Aurrera egingo dugu, animo!". Dena den, hark kezka agertu du positibo eman duten adinekoengatik eta aurrez patologiak zituztenengatik. Herrian sortu den egoera tarteko, Osakidetzako langileei, udaltzainei, tabernariei nahiz herritarrei "eskerrak" eman dizkie alkateak, bizitzen ari diren egoera ez delako "samurra".

Betharrametan azokarik ez

Joan zen ostegunean hamahiru koronabirus kasu detektatu zituen Osakidetzak Azpeitian, eta herrian fokua egon zitekeela eta, PCR proba masiboak egiten hasi zen. Hain zuzen ere, abuztuaren 7an, 8an eta 9an Alde Zaharrean izan ziren herritarrei egin zien proba egiteko deia udalak.

Udalak Osakidetzarekin eta herriko beste hainbat eragilerekin bilerak egin zituen ostiralean bertan, eta zenbait neurri hartu ere bai. Besteak beste, udal zerbitzuak –igerilekua, kiroldegia...– eta eguneko zentroa itxi eta San Martin egoitzako bisitak bertan behera utzi zituen.

Bestalde, Alde Zaharreko taberna guztiak itxita daude joan zen ostiraletik, eta hala segituko dute egoera egonkortu artean. Alkortak azaldu duenez, gainera, hasi dira dagoeneko taberna horiek denak desinfektatzen. Gaur beste neurri bat ere hartu du udalak: bihar, asteartea, ez da ohiko azokarik izango da Betharrametan; Azoka Plazan baserritarrak soilik jarriko dituzte saltokiak.

"Ez da kasu isolatua"

Azpeitiko alkateak elkarlanerako deia egin die eskualdeko gainerako alkateei; izan ere, haren arabera, Azpeitiko fokoa "ez da kasu isolatu" bat. "Maila zabalagoan hartu behar da, eta gaur bertan hitz egingo dugu eskualdeko beste alkateekin; izan ere, denon artean, elkarlanean, erabaki hobeak har ditzakegu arazo global honi erantzun egokiagoa emateko".

Udalei ekimena hartzea dagokiela ere adierazi du, "horretan" ari direla esanda: "Udal bezala erabakiak azkar hartu behar ditugu, askotan goi mailako instituzioetatik etortzen diren erabakiak berandu etortzen direlako edo ez direlako etortzen". Eta udalek hartu beharreko erabaki horiek eskualdeko herriekin elkarlanean hartzearen garrantziaz ohartarazi du. "Kasuak modu isolatuan tratatzeak ez du zentzurik".

Urola Kostan 11 kasu

Asteburuetan ez ditu herriz herriko datuak ematen Osasun Sailak, baina gaur argitaratu ditu joan berri denekoak. Ostiraletik atzora bitartean, Azpeitikoez gain, 11 kasu atzeman dituzte Urola Kostan: Azkoitian hiru, Getarian hiru, Zarautzen bi, Zumaian bi eta Errezilen bat.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako azken egunetako datuak jakinarazi ditu dagoeneko Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, eta azken orduetan 364 positibo atzeman dituzte hiru lurralde horietan. 204 kasu Bizkaian detektatu dituzte, 80 Gipuzkoan eta 65 Araban. Gainera, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren hamabost lagunek ere eman dute positibo PCR proban. Nafarroan, berriz, 61 kasu atzeman dituzte azken orduetan.

Osakidetzaren arabera, atzo 5.625 PCR proba egin zituzten, eta gaur egun hamalau lagun daude ZIUn ospitaleratuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide