Datorren larunbatean, abuztuak 1, jarriko da martxan Banakako Erremonte Txapelketa Hernaniko Galarreta pilotalekuan (Gipuzkoa). Eskualdeko hiru erremontistek jokatuko dute txapelketa: Joxin Aizpuru Aizpuru III.a azpeitiarrak, Iban Larrañaga azkoitiarrak eta Beñat Segurola aizarnazabaldarrak.
Hain zuzen ere, eskualdeko hiru ordezkarietatik bik jokatuko dute partida larunbatean. Aizpuru III.ak Juanenea izango du aurkari larunbatean 16:00etan hasiko den jaialdiko lehen partidan. Larrañagak, bestalde, Zaldua-Urrutia partidako irabazlearen aurka neurtu beharko ditu indarrak jaialdiko hirugarren partidan. Buruz buruko bi partidak 30 tantora jokatuko dituzte.
Txapelketaren lehen fasean hasiko dira hiru erremontistak Buruz buruko Kutxabank sari nagusia lehiatzen. Izan ere, lehen fasean bi multzo osatu dituzte. Multzo batean daude Juanenea, Zubiri eta Aizpuru III.a; bestean, aldiz, Larrañaga, Segurola eta Zaldua edo Urrutia daude. Multzo bakoitzean lehen postua lortzen duten bi erremontistek elkarren aurka jokatu beharko dute partida abuztuaren 8an, eta irabazleak bigarren fasera egingo du jauzia.
Txapelketaren bigarren fasean, Ansa II.a eta Goikoetxea izango ditu zain lehen faseko irabazleak. Hiru erremontista horiek elkarren aurka jokatu beharko dute, eta hiruretan onenak txapelketaren azken fasera edo fase nagusira sailkatzea lortuko du.
Banakako Erremonte Txapelketako fase nagusian, azkenik, iazko hiru erremontista onenak sartuko dira lehiara: Urriza, Barrenetxea eta Endika. Hiru horiek eta txapelketan ibilbidea luzeena egiten duen erremontistak jokatuko dute azken fasea.