Azpeitiko EAJren udal taldea ez dago pozik herrian turismoa sustatzeko egiten ari denarekin. EH Bilduren Udal Gobernuak arlo horretan "ezertxo ere ez" duela egin deritzo, eta beren kezka eta ezinegona azaldu dituzte jeltzaleen udal ordezkariek idatzi batean.
"Udal Gobernuak hasieratik erakutsi digu turismoa ez dela gai garrantzitsua berarentzat", diote udal oposizioko kideek, agintaldi honen lehen urtea bete denean. Ekonomia, Merkataritza eta Turismo batzordearen bileretan joera hori "argi eta garbi" sumatu dutela gaineratu dute, "ez baita turismoaren inguruko gai bat bera ere jorratu".
EAJkoen arabera, udalean ordezkaritza duten bi talde politikoek "turismoaren inguruan ikuspegi kontrajarria" dutela nabarmendu da pandemia garai honetan, eta uste dute "aukera bikaina galdu" dela herrian turismo jarduerak sustatzeko.
Baliabideak nola kudeatu
Izan ere, jeltzaleen iritziz koronabirusarekin sortu den egoerak "ahalbidetu du gaian sakontzeko aukera", baina aukera horren aurrean udalak emandako erantzuna ez zaie neurrikoa iruditu.
Azpeitiak "turismo aldetik erakargarritasun handia" eta "kanpotik datozen bisitariak liluratzeko errekurtso ugari" dituela sinetsita dago EAJren udal taldea, eta horietako batzuk zerrendatu ditu bere idatzian. "Dena dela, baliabide horiek nola, noiz eta nori erakutsi erabakitzeko garaian hasten da nabarmentzen bakoitzak duen turismoarekiko ikuspegia", jeltzaleen aburuz.
Hala, azaldu dute EAJren udal taldeko kideak lanean jardun dutela turismoa sustatzeko, "baina ez du ezertarako balio izan", diote, pandemiari aurre egiteko udalak hainbat arlotan hartutako neurrien artean turismoaren arloari lotutako neurririk hartu ez delakoan.
Proposamenik gauzatu ez
Jeltzaleak kexu dira beraiek aurkeztutako proposamenak ez dituztelako aintzat hartu. Ekonomia, Merkataritza eta Turismo batzordeburuari "turismoa sustatzeko plan bat aurkeztu" ziotela azaldu dute, "uda sasoi berezi honetan bisitariak erakartzeko aukera paregabea ikusten" zutelako. Turistei zuzendutako "zortzi pakete" ezberdin ateratzea proposatu zuten EAJko zinegotziek, uztailetik urtea bukatu arte erabiltzeko. Guztira 400 pakete salgai jartzea jasotzen zuen jeltzaleen proposamenak, eta udalak 15.000 euro bideratzea horretarako; izan ere, pakete bakoitzaren balioaren zati bat ordainduko zukeen udalak, 50 eta 70 euro arteko laguntzekin.
Momentuz, ordea, ez da antzeko planik gauzatuko, eta Udal Gobernuak "kudeaketaren gaineko zalantzekin justifikatu" du, zinegotzi jeltzaleen esanetan, turismo planik martxan jarri ez izana: "Batzordeko kideek esan ziguten beraiek ez zutela egokia ikusten modu horretara lantzea, Eudelen proposamenaren zain zeudela eta ez zutela garbi ikusten udaletik nola kudeatu laguntza mota hori. Esan ziguten egokiagoa iruditzen zitzaiela ostatuei zuzenean ematea laguntza. Eudel gora, Eudel behera, instituzio horrek zalantza ugari izan dituela eta, irailera arte laguntza ez ateratzea erabaki du azkenean, eta Azpeitiko EH Bilduk gauza berbera egin du". Bisitariak erakartzeko formulak kudeatzeko "aukera ezberdinak" aipatu ditu, aldiz, EAJren udal taldeak, "baina horiek lantzeko borondatea behar da", berretsi du.
"Mamirik gabeko bost orri"
Udal Gobernuak beraiek proposatutakoa atzera botatzea gaizki iruditu zaie jeltzaleei, eta EH Bilduren ordezkariek aipatutako alternatibak ere ez zaizkie egokiak iruditu; proposamen horien edukia kritikatu dute, eta zehaztu gabeak iruditzen zaizkie.
"Gure lehen proposamenaren ildotik, beraiek prestatutako bost orriko txosten bat pasatu ziguten. Mamirik gabeko bost orri ziren, eta bertan jasotzen zen ekimen zehatz bakarra bisita gidatu batzuk antolatzea zen", azaldu du EAJren udal taldeak; "Euskal Herriko barne turismoa sustatzeko bisita gidatu bereziak, euskara hutsean eta oso ongi ulertzen ez genituen bisita konkretu batzuekin", horrela aurkeztu dute Udal Gobernuak proposatutakoa.
Oposizioak aitzakia bat baino gehiago ikusten dizkio Udal Gobernuaren bisita eskaintzari. Izan dezaketen interesa ukatu gabe, "publiko murritz batentzat eta tartean behin egitekoak" dira, EAJkoentzat, Udal Gobernuak proposatutako bisitak. Hala, uda sasoia eta turismoaren sustapena kontuan hartuta, "ikuspegi globalago bat" aldarrikatu dute jeltzaleek, "bisita gidatu orokorrak, herriko ondareari begira eta hizkuntz ezberdinetan egindakoak". Gainera, beren udal taldean gida lanak egiten dituen pertsona bat badela gaineratu dute, "gai horretan inplikatzeko eta asteburuetan bisita gidatuak doan egiteko prest" dagoena.