Hasi dituzte Munategin biribilgunea egiteko lanak

Andoni Elduaien 2020ko uztailaren 29a

Biribilguneaz gain, bi autobus geltoki ere jarriko dituzte Munategin, eta txirrindularientzako bidea egokitzea ere aurreikusten dute.

Gaur, asteazkena, hasi dituzte Azkoitia eta Azpeitia artean, Munategin, biribilgune berria eraikitzeko lanak. 42 metroko diametroa izango duen biribilgune berria eraikiko dute gaur egungo bidegurutzearen gainean, eta hiru adar izango ditu: Basarte industrialdea, Azkoitia eta Azpeitia. Horrez gain, bi autobus geltoki ere jarriko dituzte biribilgunearen bueltan; txirrindularientzako bidea egokitzea ere aurreikusten dute.

Obrek lau hilabete inguruko iraupena izango dutela jakinarazi dute erakundeek, eta trafikoan "unean uneko eragina" izango duela aurreratu dute. Hori horrela, bidegurutzean ohiko mugimendu bat debekatzea posible dela jakinarazi dute. Lanek 499.112,56 euroko aurrekontua dute, eta Excavaciones Peru S.L. enpresak egingo ditu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide