Go!azen 7.0 telesailean parte hartuko duten aktore gazteak Azpeitian izan dira gaur, asteartea, Go!azen abestiaren dantza nahiz denboraldi berrirako zenbait sekuentzia grabatzen. Esklaben atarian egin dituzte grabaketak gaurkoan, eta bertan izan dira goizetik eguerdira bitartean. Bazkaltzeko tartea hartu ostean, zenbait irudi grabatzen jarraituko dute arratsaldean ere. Ikusmira sortu du hitzorduak, eta herritar ugari hurbildu da Esklabetara, Go!azen telesaileko aktoreen koreografiak ikustera.
Azken urteetan egin bezala, aurten ere Azpeitiko Esklabetako eraikinean grabatuko dituzte telesaileko hainbat sekuentzia. Ekainaren 29an hasi ziren Go!azen telesaila grabatzen. Aurreneko grabaketak Donostian eta Pasaian egin dituzte, eta datozen asteetan Azpeitian egingo dituzte grabaketak. Ekainean hasi ziren grabaketak egiteko dekoratuak egokitzen Esklabetako eskuin hegalean, eta dagoeneko dena prest dute. Grabaketa nagusiak abuztuan zehar egingo dituzten arren, uztaileko zenbait egunetan ere Esklabetan izan dira zenbait sekuentzia grabatzen.