Basarteko bidegurutzean biribilgunea egiteko lanak datorren asteazkenean hasiko dituzte

Andoni Elduaien 2020ko uztailaren 16a

Obrek irauten duten bitartean trafikoan eragina izango du. Gainera, lanek lau hilabete iraungo dutela aurreikusi dute.

Datorren asteazkenean, hilak 22, hasiko dituzte Azkoitia eta Azpeitia artean dagoen Basarteko bidegurutzean –Munategi parean– biribilgunea eraikitzeko lanak. Gipuzkoako Foru Aldundiko Azpiegitura Sailak bi udalei horrela jakinarazi dietela azaldu dute. Obren iraupena lau hilabetekoa izango da, eta "unean uneko lanen arabera" trafikoan eragina izango du.

"Bidegurutzeko ohiko mugimenduren bat debekatu daiteke puntualki, baina aldaketak ondo seinaleztatu eta balizatuko dira", azaldu dute bi udalek. "Lanen bidez herritarren segurtasuna bermatuko da. Izan ere gaur egun, ibilgailuentzat eta oinezkoentzat puntu beltza da hori", adierazi dute. Gogorarazi dute obra Azpeitiko eta Azkoitiko Udalen zein industriaguneko enpresen eta langileen eskaeren ondorioz egingo dituztela. 

Obren exekuzioaz Excavaciones Peru S.L. enpresa arduratuko da, eta lanek 499.112,56 euroko aurrekontua dute. Biribilgune berriak 42 metroko diametroa eta hiru adar izango ditu —Basarte industrialdea, Azkoitia eta Azpeitia—. Horrekin batera, bi autobus geltoki eta oinezkoentzako eta txirrindularientzako bideak egokitzea aurreikusi dute. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide