Azpeitiko emakumeek pandemia garaian izandako esperientziak biltzeko testigantza kanpaina jarri dute martxan

Maialen Etxaniz 2020ko uztailaren 13a

Azpeitiko Emakumeen Txokoak jarri du martxan egitasmoa. Antolatzaileek azaldu dutenez, emakumeen bizipenak "kontakizun ofizialetik kanpo gelditzen dira behin eta berriro", eta COVID-19aren garaian ere horrela izan dela diote. Hori dela eta, herriko emakumeen esperientziak ezagutzeko eta hainbat gairen inguruan haurnartzeko testigantza bilketa jarri dute martxan.

Azpeitiko emakumeen Jabetze Eskoletako artxiboko irudia. (Emakumeen Txokoa)

Azpeitiko emakumeon ahotsak COVID-19aren garaian egitasmoa jarri du martxan Emakumeen Txokoak. Testigantza bilketaren bitartez, Azpeitiko emakumeek pandemia garaian izan dituzten bizipenak ezagutu nahi dituzte. Izan ere, egitasmoaren sustatzaileen aburuz, emakumeen bizipenak itzalean gelditzen dira sarritan: "Emakumeen bizipenak eta esperientziak kontakizun ofizialetik kanpo gelditzen dira behin eta berriro, eta, espero genuen bezala, kontu bera gertatu da COVID-19ak sortutako konfinamenduan eta krisi egoeran". Hori dela eta, Azpeitiko emakumeek bizitako esperientzien kontakizunak jasotzea "ezinbestekoa" dela azaldu dute testigantza kanpainaren antolatzaileek, ondoren, pandemia garaian jazotako "errealitate desberdinak ikusarazteko".

Herriko emakumeen testigantzetatik abiatuta, hainbat gairen inguruko hausnarketa egitea dute helburu. Besteak beste, zaintza lanen, telelanaren, langabeziaren, emakumeenganako indarkeriaren eta arrazakeriaren inguruko hausnarketa egin nahi dute.  

Testigantzak biltzeko galdetegi bat prestatu du Emakumeen Txokoak, eta beren bizipenak partekatu nahi dituzten emakumeek modu anonimoan egingo dute ekarpena. Testigantza emateko fitxa eskuragarri dago hemen

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide