Zenbat buruhauste ekarri duen koronabirusak: zenbat buruko min, zenbat heriotza eta zenbat sufrimendu. Baina ez da dena txarra izan. Txarrak beti ekartzen du zerbait ona atzetik, eta horren erakusle da Azpeitiko Xaxarki estetika zentroan martxan jarri duten egitasmoa. Osasun langileek –lehen lerroan egon diren horiek– azken boladan egin duten lan izugarria eskertzeko, beren denbora jartzen ari dira, beren eskuak. Eskuak eskuen truke.
Lurdes Olaizola (Azpeitia, 1959) eta Idoia Illarramendi (Azpeitia, 1974) dira Xaxarkiko estetizistak, eta haiekin lan egiten duen etxe batetik jaso zuten proposamena: etxe hori produktuak jartzeko prest agertu zen, eta Olaizolak eta Illarramendik beren denbora jarri behar zuten. Elkarlan horren helburua bat eta bakarra zen: osasun langileak mimatzea, haiek orain arte gizarte osoarekin egin duten moduan. Bi aldeek jarritako borondateari esker, erabat doan eskaintzen dute Olaizolak eta Illarramendik zerbitzua. Beste herri batzuetan ere ari dira gauza bera egiten.
Baina zer da, zehazki, Xaxarki estetika zentroan egiten dutena? "Gorputzeko erlaxazio bat eskaintzen diegu osasun langileei, esfoliazioa eta hidratazioa baliatuta. Gorputz guztian egiten diegu tratamendua: aurpegian, hanketan, besoetan, eskuetan...", azaldu du Olaizolak. Estetizisten arabera, psikologikoki ez ezik, gorputzean ere sufritu dituzte osasun langileek pandemiaren ondorioak. "Lanerako erabili duten ezohiko materiala dela eta –maskarak, norbera babesteko ekipamenduak...–, azalean arazoak sortu zaizkie, eta saio hauen bidez, azala oxigenatzen diegu. Azalean arazo pila bat ari zaizkie agertzen: batzuek hidratazio falta dute, besteei granoak atera zaizkie...".
Lehen lerroan aritu diren askotariko profesionalei eskaini dizkiete saioak: medikuei, erizainei, fisioterapeutei, garbitzaileei... Duela hiruzpalau aste hasi ziren proiektuarekin Olaizola eta Illarramendi, eta guztira, dozenatik gora pertsonari eskaini diote tratamendua. Inguruko leku askotatik bertaratu dira Azpeitiko zentrora: Mendaroko Ospitaletik, Zumarragako Ospitaletik, Gipuzkoa Poliklinikatik, inguruko anbulatorioetatik...
Estetizistek proposamena eginda jakin du jendeak erlaxazioak eskaintzen ari direla. "Osasungintzan lan egiten dutela dakigun pertsonei deitu diegu, zerbitzu hori eskaintzen dugula azalduz. Gero batek besteari kontatu dio horretan ari garela, eta ahoz aho zabaldu da. Hala ere, lehenik eta behin saiatu gara guk ezagutzen ditugun pertsonei eskaintzen saioa. Inguruko jendeari azaldu nahi izan diogu gure esker ona". Guztira, hogei laguni egingo diote erlaxazioa.
Lurdes Olaizola eta Idoia Illarramendi. (Ihintza Elustondo)Eskerrak emateko modua
Xaxarkirekin lan egiten duen produktu markak Olaizolari eta Illarramendiri proposamena egin zienean, berehala erabaki zuten baiezkoa ematea. Zergatik? Olaizolaren arabera, «eskerrak emateko modu bat» delako egiten ari direna. Gauza bera uste du Illarramendik: "Osasun langileek sekulako tratua pasatu dute, estutasun ikaragarria, eta horregatik, haiek ondo sentiaraztea nahi dugu. Denoi gustatzen zaigu igurtzi batzuk jasotzea, mimatzea... Lehen lerroan egon direnek hainbeste eman dutenez, iruditzen zait orain guk eman behar diegula haiei. Ospitaleetan gaixoak zaindu dituzten moduan zaindu behar ditugu guk haiek. Orain guri tokatzen zaigu hainbeste lan egin dutenei goxaaraztea".
Olaizolak eta Illarramendik argi ikusi dute zenbat sufritu duten osasun langileek, beren zerbitzua jasotzera joan direnean. "Zortzi ordu baino askoz denbora gehiago eman dute egunero lanean, eta gainera, egitea tokatzen ez zitzaizkien zereginak egin behar izan dituzte askok", esan du Illarramendik. Olaizolak azaldu duenez, "asko sufritutako jendearekin" egin dute topo. "Batzuek tristura puntu handia dute. Batek baino gehiagok esaten du berriro lehengora bueltatzen baldin bagara ez direla lehen lerroan arituko. Benetan gaizki pasatu duen jendea etorri da gugana. Beste batzuk, gainera, ez dira etorri oraindik beldur direlako, ez dutelako nahi maskara kentzea. Izan ere, aurpegiko esfoliazioa egiteko kendu egin behar dute, nahiz eta guk denbora guztian jantzita izaten dugun. Babes neurriak hartu arren, ez dira erabat fidatzen, pasatu dutena pasatu dutelako. Batzuek ezezkoa eman digute horregatik, nahiz eta zerbitzua eman bagenie bezala eskertu diguten".
Osasun langileek azaldu duten esker ona «izugarria» izan dela diote estetizistek. Oro har, jendea "asko emozionatu" dela adierazi dute. "Telefonoz proposamena egitean, negarrez hasi dira batzuk. Inork ezer esan ez dienez, sekulakoa iruditzen zaie gure deia jasotzea", adierazi du Olaizolak. Proposamena jasotzean ez ezik, saioa amaitzean ere hunkitu dira bat baino gehiago. "Oso emozionatuta ikusi dugu jendea, batzuk begiak bete-bete eginda irten dira". Anekdota bat ere kontatu du Illarramendik: "Emakume bati tratamendua egin genion, eta haren senarra etorri zen nigana kalean, ea zer egin genion galdezka, munduko emakume zoriontsuena bilakatu genuela esanez".
Denak azaldu dira esker oneko, eta detaile bereziren bat edo beste ere jaso du bikoteak. "Urdaiazpiko bokata ekarri zigun batek, eta zer gustura jan genuen!". Beste batek, berriz, berak egindako koadro bat oparitu zien. "Detaile bereziek eta esker onek, denek berdin balio dute guretzat, esker guztiak dira pozgarriak", azaldu dute.
Osasun langileak bakarrik ez, Olaizola eta Illarramendi ere "oso gustura" sentitzen dira egiten ari direnarekin. "Bukatzen dugunean uste dut pena sentituko dugula. Asko betetzen gaitu egiten ari garenak", adierazi du Olaizolak. Illarramendiri iruditzen zaio ezohiko egoera honetan beren "hondar alea" jartzen ari direla. "Guk sentitzen duguna da gure partetik ere jarri dugula. Ni ez naiz joango ospitale batera frogak egiten laguntzera, ez dakit hori egiten eta, baina guk ahal dugun horretan lagunduko dugu".