Hamar aldiz segidan, Azpeititik Erloko antenara

Nerea Uranga 2020ko uztailaren 5a

Lagunarteko erronka osatu dute Ander Zubizarreta azkoitiarrak eta Iker Azkune azpeitiarrak. Bizikletan hamar joan-etorri egin dituzte segidan, Azpeitiko Ikasberri ikastolatik Erloko antenara.

Lagunarteko erronka osatu eta gainditu zuten larunbatean Iker Azkunek (Azpeitia, 1976) eta Ander Zubizarretak (Azkoitia, 1992). Azpeitiko Ikasberritik Erloko antenara arteko joan-etorria bizikletan hamar aldiz egiteko asmoz hasi zuten erronka larunbatean goizeko bostetan; Zubizarretak, ordea, 11 itzuli egin zituen. Jakes Uranga azkoitiarrak ere hasi zuen erronka; honek, baina, zazpi aldiz itzulia eginda utzi egin zuen.

Iker Azkune azpeitiarrak aspalditik zuen gogoa Everesting erako erronka bat egiteko: "Hau da Everesten garaieraren [8.848 metro] metroak bizikleta gainean egitea, toki batean hasi eta hara itzuliz. Azpeitiko Ikasberri paretik Erlora 900 metro daude, eta joan-etorri hori hamar aldiz egitea otu zitzaidan, 9.000 metro osatuz". Azkunek mendi bizikletako lasterketa luzeetan parte hartzen du, eta osasun krisiaren ondorioz horiek bertan behera utzi dituzte. Beraz, garai hau aproposa ikusi zuen erronka egiteko: "Bizikleta lasterketetan, konpetizioetan, ibiliko bagina ez genuke aukerarik izango erronka egiteko". Ikasberritik Erlorako hamar joan-etorriko erronka egiteko hamahiru ordu pasatxo behar izan zituen Azkunek.

Azkune eta Uranga batera ibili ziren, zazpigarren itzulian Urangak utzi zuen arte. "Seigarren joan-etorria egin dugunean bazkaltzeko hogei minutu hartu ditugu, horrez gain joan-etorri bakoitzean zerbait jateko denbora hartu dugu", azaldu zuen Azkunek hamargarrena bukatu berritan. Ikasberritik Erloko anterainoko igoerak ordubete inguruan egin zituen azpeitiarrak, jaitsierak, berriz, ordu laurdenean edo.

Hamar gehi bat
Azken itzulia, hamargarrena, Zubizarretarekin batera egin zuen Azkunek. Azkoitiarrak, ordea, 11.a zuen joan-etorri hori. Zubizarretak Erloko antenarako igoera azkarrena 47 minutuan egin zuen: "Beste itzuliak 50 eta 56 minutu artean egin ditut". Erronka gisa jarritako hamar igoera-jaitsierak egiteko hamabi ordu behar izan zituen Zubizarretak: "Arratsaldeko bostetarako osatu ditut".

Erronka "gogorra" izan dela aitortu zuten bukatu berritan Azkunek eta Zubizarretak, eta berriro ez luketela egingo. Hala ere, bizikletan ibiltzeko eguraldi paregabea izan zutelako gustura zeuden: "Goizean fresko egiten zuen, baina orokorrean bizikletan ibiltzeko eguraldi ederra egin digu". Bukatutakoan egindakoaren "oso gustura" azaldu ziren bi txirrindulariak.

Iker Azkune eta Andez Zubizarreta Erloko antenaren ondoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide