Arantza-Mendaur-Mendieder-Ekaitza-Putzubeltz-Arantza. Horixe da Lagun Onak Mendi Bazkunak uztailaren 11rako prestatu duen helduentzako egun osoko mendi irteeraren ibilbidea.
07:30ean irtengo dira mendizaleak Azpeititik, anbulatorio aurrean autobusa hartuta. Arantzara iritsita, handik igoko dira Mendaurrera. Ondoren, Mendieder eta Ekaitza ere igoko dituzte, eta Putzubeltzetik zehar jaitsita, berriro Arantzara iritsiko dira, 18,5 kilometroko ibilaldi zirkularra osatuta.
Egunean zehar bi geldialdi egingo dituzte, bata hamarretakoa egiteko, eta bestea bazkaltzeko.
"Sorgin, bidelapur eta petrifikatuta geratu diren hartzei buruzko kondairak, arroila sakonak, ur-jauzi ederrak eta zelai zabalek margotzen dituzten paisaia paregabeak; denetik aurkituko dugu Mendaur mendiaren inguruetan", azaldu dute mendi bazkunakoek.
Uztailaren 9a baino lehen eman behar dute izena irteeran parte hartu nahi dutenek, mendizaleen tabernan edo www.lagunonakmb.org webgunean. Lagun Onak MBren bazkideek 10 euro ordaindu beharko dituzte, eta bazkide ez direnek 15 euro. Autobusean musukoa jantzita eramatea derrigorrezkoa izango da.
Irteeraren gainerako informazio guztia ere (track-ak...) webgunean jarri dute mendizaleek.