Bigarren eskuko arropa denda ireki du Elkar-ekinek Elkargunean

Urola Kostako Hitza 2020ko ekainaren 30a

Irekiera festa egingo dute ostiralean, 19:00etatik aurrera. Dendan ateratako dirua "bazterketa sozialari aurre egiteko" erabiliko dute. Bost urte beteko ditu irailean Soreasuko Elkarguneak, eta urteotako balorazioa "ezin hobea" da Elkar-ekinentzat.

Soreasun kudeatzen duen Elkarguneari osagai berria gehitu dio Elkar-ekin taldeak: bigarren eskuko arropa saltzeko denda. Aurreko asteburuan ateak lehen aldiz ireki ondoren, ostiral honetarako dendaren irekiera ospatzeko festa antolatu dute, 19:00etatik aurrera.

Astelehen, astearte eta ostegunetan 16:30etatik 19:30ak arte egongo da irekita bigarren eskuko arropa denda; ostiraletan, 16:00etatik 20:00ak arte; eta larunbatetan, 10:00etatik 13:30ak arte. Arropa saltzeaz gain, "beharrean dauden herritarrei arropa banatzen ere jarraituko" du Elkar-ekinek, "orain arte bezala". Herritarrek utzitako edota saltzen jarritako produktu ugari lor eta eros daiteke Elkargunean. Hain zuzen ere, "arropari lotutako arazo" bati irtenbidea ematera dator, neurri handi batean, bigarren eskuko denda. Horrela azaldu du Elkar-ekinek: "Herrian banatu beharrekoa baino askoz gehiago jaso dugu, eta almazenean kaxak eta kaxak pilatzen joan zaizkigu. Beti saiatu gara arropari irteera ematen; herrian banatzeaz gain, Euskal Herriko zein munduko txoko ezberdinetara ere bidali dugu Azpeitian jasotako arropa. Oraingoan, bigarren eskuko arroparen salmentari ekitea erabaki dugu, modu oso merkean arropa txukuna eskainiz eta lorturiko dirua bazterketa sozialari aurre egiteko erabiliz".

Arroparen gaindosi horrek "arropa kontsumitzeko moduaren inguruan gogoeta egiteko premia larria dugula" ere adierazten du Elkar-ekinekoen aburuz, eta datozen hilabeteetan gaiaren bueltan "eztabaida sustatzen saiatuko" dela adierazi du taldeak.

Elkarguneak bost urte

Irailean bost urte beteko ditu Soreasuko Elkaguneak, eta urte hauek emandakoaz balorazio "ezin hobea" egiteko ere baliatu du Elkar-ekinek bigarren eskuko arroparen irekiera.

"Elkargunea materiala berrerabitzeko, elkartasuna antolatzeko, borroka sozialak garatzeko eta harremanak egiteko espazioa da, besteak beste. Bide horretan sakontzea eta bide berriak irekitzea da Elkar-ekinen asmoa. Datozen hilabeteotan miseria egoerak areagotuko direla aurreikusi dezakegu; gutxi batzuk dirutzak egiten jarrai dezaten, herritarren bizkar eroriko da, beste behin, krisiaren pisua. Horregatik, injustizia egoerak borrokatzen eta elkartasuna saretzen jarraitzea beharrezkoa izango da aurrerantzean ere", dio Elkar-ekinek. Orain arteko bidean kide eta lagun izan dituzten herritar guztien parte hartzea eskertu du, txandak eginez Elkargunean lanean aritzen diren 60 herritarrengandik hasita, eta Elkar-ekinen zein Elkargunearen ateak zabalik daudela gogorarazi nahi izan die herritarrei: "Elkar-ekinen bileretan, Elkargurneko txandetan edo bestelako lanetan parte hartu nahi duten herritarrek helbide honetara mezu bat bidaltzea nahikoa dute: elkar_ekin@hotmail.com".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide