Azpeitiko estali gabeko igerilekua.
Azken egunotan bolo-bolo zebilen zurrumurrua baieztatu berri du Azpeitiko Udalak: datorren astelehenean, uztailak 6, zabalduko dute estali gabeko igerilekua. Prentsa ohar batean azaldu duenez, egoera etenik gabe aldatzen ari da, eta duela hamabost egun ezinezko jo zutena egiteko modua ikusi dute orain, Eusko Jaurlaritzak normaltasun berrirako neurriak zehaztu dituenean. Herritarren osasuna eta segurtasuna zaintzeko beharrezko neurri guztiak hartuta irekiko dute igerilekua, eta erabiltzaileek ezinbestean bete beharreko araudia ere prestatu dute.
Eguna bi txandatan banatuko dute; goizeko txanda 11:00etatik 14:30etara artekoa izango da eta 15:00etatik 20:00etara artekoa izango da arratsaldekoa. Eguerdian itxi egingo dute igerilekua, desinfektatzeko. Txanda horietako bakoitzean gehienez 150 lagun sartu ahalko dira igerilekura, eta derrigorrezkoa izango da aurretik hitzordua hartuta joatea. Aniztasun funtzionalak duten herritarrak izango dira aurrez hitzordua hartu gabe igerilekua erabili ahal izango duten bakarrak. Herritarrek www.azpeitia.eus webgunean hartu beharko dute hitzordua eta ostiraletik aurrera izango dute horretarako aukera. Herritar bakoitzak gehienez astean bi txandatan joan ahal izango du estali gabeko igerilekura.
Egoitz Arruti zinegotziak azaldu duenez, erabiltzaile guztiei zerbitzu egoki bat emateka da Azpeitiko Udalaren helburua, eta horretarako modua ikusi dutenean hartu dute igerilekua zabaltzeko erabakia. Haren esanetan, duela bi aste ez zegoen horretarako aukerarik. "Kanpoko igerilekuaren berezitasunetako bat da duen espazioa, bereziki berdegunea, oso mugatua dela. Horri mantendu beharreko segurtasun distantziak gehituz gero, sartu daitekeen jende kopurua asko mugatzen da”. Duela bi asteko baldintzetan, 80 lagunek bakarrik sartu ahal izango zuten igerilekura.
Ekainaren 19an Eusko Jaurlaritzak argitaratu zuen dekretuak zehazten dituen protokoloek, ordea, herritarrei zerbitzu hobea emateko aukera utzi die, horien artean gehienezko edukiera 150 pertsonakoa izatea eta ur jauzi eta toboganak erabili ahal izatea. Horregatik berraztertu dute gaia eta erabaki dute igerilekua zabaltzea. “Hasieratik gure helburua kirol instalazio guztiak abian jartzea izan da, baina exijitzen zizkiguten prebentzio neurriak oso zorrotzak ziren. Protokolo berria aztertzean ikusi genuen igerilekua bere osotasunean erabiltzeko aukera eskaini dezakegula. Astelehenean aipatutako baldintzetan irekiko da, baina gure asmoa da neurriak leuntzen doazen heinean, igerilekuko erabilera baldintzak errealitatera egokitzen joatea". Erabiltzaileei eta herritarrei "pazientzia" eskatu nahi die Arrutik: "Ezohiko egoera da guztiontzat eta guztion artean, norberaren osasuna eta herritarrena lehenetsiz, egin behar dugu aurrera”.
Izarraizko ateko txorroak ere irekiko dituzte
Estali gabeko igerilekuaz gain, Izarraizko Atea parkeko ur txorrotadak ere astelehenean irekiko ditu udalak. Txorroen erabilera ere protokolo berrira egokitu behar izan dute, eta han ere prebentzio neurri eta erabilera arauak ezarriko dituzte. Txorroetarako sarrera mugatuta egongo da eta erabiltazileek 10 minutuko txandak egin beharko dituzte. Udalak arduraz jokatzeko eskaera egiten die herritarrei.