Europako Mendietara irteera egingo du Lagun Onak MBk uztaileko lehen asteburuan

Urola Kostako Hitza 2020ko ekainaren 24a

Koronabirusak eragindako etenaldiaren osteko lehen ibilaldiak egingo dituzte Azpeitiko mendizaleek Asturias aldean. Bi ibilaldi jarri dituzte aukeran, bata gogorra eta bestea zailtasun txikiagokoa. Uztailaren 2an itxiko dute izen ematea, baina plaza mugatuak izango ditu irteerak.

Uztaileko lehenengo asteburuan mendi irteerei berrekingo die Lagun Onak Mendi Bazkunak, Europako Mendietan (Picos de Europa) barrena proposatu dituzten bi ibilaldi "interesgarrirekin".

Uztailaren 4ean goizeko lauretan hartuko dute mendizaleek autobusa Azpeitian, anbulatorio aurrean. Asturiasera iritsita, egun berean bi ibilaldiren artean aukeratu ahal izango dute: ibilaldi gogorra da bata (A aukera), eta zailtasun gutxikoa bestea (B aukera). Hauek dira ibilaldi bakoitzaren xehetasunak:

- A aukera: Sotres herritik (1.000 metro) irten eta Pandévanoko zelaietatik igarota, Vega de Urriellu aterpera (2.016 metro) iritsiko dira mendizaleak. Ondoren, Horcados Rojoseko lepora (2.395 metro) helduko dira; azkenik, behera eginez, Fuente Déko teleferikora heltzeko (1.823 metro). Guztira, 20 bat kilometroko ibilaldia izango da. Teleferikoan jaitsiko dira behera (1.070 metro), autobusa hartzeko.

- B aukera: La Curbona de Sotresetik irten (1.000 metro) eta Duje bailara guztia zeharkatuta, Aliva aterpera iritsiko dira (1.670 metro), handik El Cablera (1.823 metro) igotzeko. Guztira, 14 kilometro izango ditu iblaldi horrek.

Ibilaldiak bukatu ondoren, Potes herrira joango dira mendizaleak autobusean eta Brisas del Deva aterpean afaldu, lo eta gosalduko dute. Igande goizean, nahi duenak aukera izango du Cruz de la Viorna (1.151 metro) tontorretik joan-etorria egiteko. 12:00 aldera Potesetik irten, eta bidean bazkaldu ondoren, etxera itzuliko dira.

Bidaia eta aterpeko gaua, afaria eta gosaria barne, irteeraren prezioa 60 eurokoa izango da Lagun Onak MBren bazkideentzat, 45 eurokoa langabetu eta ikasleentzat, eta 70 eurokoa gainerako mendizaleentzat.

Plazak mugatuak dira, gehienez 29 lagunentzako tokia dago, eta joan nahi dutenek uztailaren 2ko 21:00ak baino lehen eman behar dute izena, Lagun Onak MBren webgunean edo mendizaleen tabernan. Izena ematerakoan, A edo B ibilaldia aukeratzen duten zehaztu beharko dute mendizaleek.

Bestetik, COVID-19aren eragina dela eta, "arduraz jokatzeko" eskaera egin du Lagun Onak MBk. Irteeran parte hartzen dutenek autobusean maskara erabili beharko dutela ere gogorarazi du elkarteak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide