Uztailaren 12an egingo diren Eusko Jaurlaritzarako hauteskundeak direla eta, ekitaldia egingo du EH Bilduk igandean —ekainak 28— Azpeitian. Bertan izango dira Mertxe Aizpurua Espainiako Kongresuko EH Bilduren bozeramailea, Nerea Kortajarena legebiltzarrerako Gipuzkoako zerrendan bigarrena eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea. Azoka Plazan izango da ekitaldia, 12:30ean hasita.
COVID-19 gaitzak sortutako pandemiaren eraginez, "garbi" ikusi da zein diren "sistema honen ahulezia nabarmenenak", EH Bilduren arabera. "Argi ikusi dugu egoera latz honek aurrez ere baztertuta eta laguntza faltan zeuden herritarrei eragin diela gehien. Adinekoak, gaixotasunak dituzten pertsonak, behar bereziak dituztenak, etorkinak, errenta baxuenak dituztenak, langile jendea, dendari txikiak, autonomoak… izan dira gehien sufritu dutenak. Betiko berak, betiko moduan, baina gordinago, larriago. Eta beste behin ere, aldaketarik ezean, aurreikus daiteke horiek izango direla krisi hau ordainduko dutenak".
Era berean, koalizioak argi du zein diren "gizartearen sostengu" diren lanbide eta arloak. "Nork eusten gaitu? Osasungintza eta osasun langileek, zaintza lanetan diharduten pertsonek, garbitzaileek, dendariek; eguna joan eta eguna etorri, guztiok etxean ginen bitartean, janaria eta oinarrizko beharrak asetzeko zerbitzuak eskaini dituztenek. Lehen lerroan egon diren pertsona horietako asko eta asko, gainera, emakumeak izan dira. Behar bezala aitortu eta baloratu gabeko lan horrek eusten gaitu".
Berriro lehengora ez
Normaltasun berria indarrean den honetan, EH Bilduk ez du ikusten "ikasteko edo aldatzeko" imintziorik. "Berriro lehengora itzultzeko saiakera soilik sumatzen dugu. Produkziora, kontsumora, kapitalaren mugimendura. Azkar, presaka eta gizarteari erreparatu gabe. Beraz, guztia alferrik izan al da? Ez ote dugu ezer ikasi?". Koalizioak ez du hori onartu nahi.
Bidegurutze honetan, zer bide hartu behar den erabakitzeko unea iritsi dela uste du EH Bilduk. "Kapitalaren bidea har daiteke, garapenez mozorrotutako negozioena, diruan oinarritutako bidea, aberatsenei begira eginikoa; gure herria, natura, herritarrak bigarren mailan utziko dituena. Baina bada beste bide bat, pertsonen bidea, herritarrak erdigunean izango dituena, eta babesgabeenei begira abiatuko dena. Guztien ongizatea bilatuko duen bidea, inor atzean utzi gabe egingo dena, pixkanaka, berdintasun balioetan sakonduz".
Koalizioak azaldu duenez, azken bide hori izan da EH Bilduren ildoa orain arte, eta hemendik aurrera ere, horretan sakontzeko "konpromiso garbia" adierazi du. "Eta azpeitiarrei ere apustu horren aldeko konpromisoa eskatu nahi diegu, beste behin, proiektu honi babesa eskainiz".