Gizarte zurian beltz zarenean

Aitziber Arzallus 2020ko ekainaren 12a

Arrazakeriarekin amaitzea eskatzeko, elkarretaratzea egingo dute bihar, 19:00etan, Azpeitiko plazan. Herritar guztiei dei egin diete mobilizazioan parte hartzeko.

Ibrahima Diallo, Hawa Coulibaly eta Lassana Diop. (Aitziber Arzallus)

Ibrahima Diallo. Ginea-Konakryn sortu zen, 1988an. Arrazoi politikoek bultzatu zuten bere lurraldetik alde egitera. "Afrikan bizitzea gogorra da, hemen erakusten dizkiguten irudietan ikus daitekeena baino askoz gogorragoa. Hemen bezala han ere gazteok borroka egiten dugu gauzak alda daitezen, baina horrek ondorio larriak izan ditzake". Talde politiko bateko kidea zen Diallo, eta demokrazia eskatzeko greba orokorra deitu zuten. Boterean zeudenek mobilizazio haiek babestu zituztenen kontra jo zuten. "Ni errepresio horren biktima izan nintzen. Kartzelara eraman eta torturatu egin ninduten". Aitak erabakita eta lagunduta, ihes egin zuen, aurrena Marokora, eta gero, Iberiar penintsulara. Duela bi urte iritsi zen Azpeitira. Familia batekin bizi da orain, eta nekazaritzan lan egiten du.

Hawa Coulibaly. Malin sortu zen, 1984an. Duela hemezortzi urte, 18 urte zituela, utzi zuen sorterria, senarrari segika. "Nire senarra etorri zen aurrena, bizimodu hobe baten bila, eta gero etorri nintzen ni". Familia berrelkartze prozesu bati esker etorri zen penintsulara, paper guztiak eskuetan zituela. Bartzelonan eta Lleidan (Herrialde Katalanak) pasatu zituzten lehendabiziko zazpi urteak, eta 2011n iritsi ziren Azpeitira. 6, 14 eta 16 urteko hiru seme-alabaren ama da; lanbidez, etxekoandrea. Hemezortzi urteotan bizpahiru aldiz joan da Malira, familia bisitatzera.

Lassana Diop. Senegalen sortu zen, 1981ean. Lanik ez zegoelako utzi zuen sorterria. "Gurasoen etxean bizi nintzen, gurasoei lagundu nahi nien, baina Senegalen ez nuen modurik ikusten. Horregatik erabaki nuen alde egitea eta Europara etortzea". Bidaia "luzea eta gogorra" egin behar izan zuen. "Afrikarrontzat oso zaila da hona iristea, eta kontrakoa dioenak, gezurra dio". "Gorriak ikusita", baina Bartzelonara iristea lortu zuen, 2005ean. Paperik ez zuenez, ezin zioten lan kontraturik egin, eta kalez kale saltzaile ibili zen bost urtez. 2010ean lortu zuen bere egoera legeztatzea, eta ordutik hobeto doazkio gauzak. Bartzelonatik Zaragozara (Espainia) joan zen landa eremuan lan egitera, eta 2010. urtearen bukaeran heldu zen Azpeitira. Berehala hasi zen mantentze eta garbiketa enpresa batean lanean, eta han jarraitzen du oraindik. 2017an emaztea etorri zen, senegaldarra hura ere, eta hemen osatu dute familia: 3 urteko alaba dute.

Halabeharrak bultzatuta

Diallo, Colubaly eta Diop Urola Kostan bizi diren ehunka afrikarretatik hiru besterik ez dira. "Pertsonak adina istorio daude, bakoitzak geure ibilbidea eta bizipenak ditugu, baina gauza bat argi dago, denok etorri gara halabeharrak bultzatuta", adierazi du Diallok. "Inork gutxik uzten ditu familia, lagunak eta herria atzean, berriz itzultzeko aukerarik izango duen jakin gabe", erantsi dio Diopek. "Aurrera egiteko beste biderik ikusten ez denean bakarrik hartzen da horrelako erabaki bat, eta oso erabaki zaila da".

Ez dira George Floyd, maiatzaren 25ean Minneapolisen (Minnesota, AEB) poliziaren eskuetan hil zen afro-amerikarra; ez dira Elhadji Ndiaye, 2016ko urrian Iruñeko Arrotxapea auzoan Espainiako poliziek bortizki atxilotu ostean hil zen senegaldarra. Baina Diallok, Colubalyk eta Diopek ere arrazakeria jasaten dute, egunero, euren azalaren koloreagatik. "Bi horiek muturreko kasuak dira, baina ez dago eraila izan beharrik beltza izateagatik baztertzen eta diskriminatzen zaituztela sentitzeko", esan du Diopek. "Neu ere, Bartzelonan bizi nintzenean, behin baino gehiagotan jipoitu eta atxilotu ninduten beltza izateagatik, ez bainuen beste deliturik egin".

Kalean, eskolan, lana bilatzerakoan, etxebizitza bat alokatu nahi dutenean, instalazio publikoak erabili nahi dituztenean... "Mesfidati begiratzen gaituzte eta beste inori baino oztopo gehiago jartzen dizkigute", adierazi du senegaldarrak. "Beste herritarrek baino eskubide gutxiago izango bagenitu bezala tratatzen gaituzte, eta nik beste guztiek bezalaxe ordaintzen ditut zergak eta beste guztiek bezalaxe kotizatzen dut Gizarte Segurantzan". Arrazoia eman dio Diallok. "Lapurrak izango bagina bezala begiratzen gaituzte, eurena den zerbait kentzera etorri izan bagina bezala, eta hori ez da horrela. Guk lan egin nahi dugu, gure etorkizuna irabazi, eta horretan ari gara".

Arrazakeria gizartean errotuta dagoen gaitza dela uste dute hirurek. "Birus bat da", Diopen hitzetan: "Txerto batek sendatu ezin duen birus bat, eta denon artean egin behar diogu aurre". Zuriak bezala, beltz arrazistak ere badaudela nabarmendu du ginearrak, eta uste du hemen egin behar den lanketa bera egin beharra dagoela euren jatorriko herrialdeetan ere. "Gaurtik hasi behar dugu etorkizuna eraikitzen, gure seme-alabentzako nahi dugun gizartea eraikitzen, gizarte justuagoa, bai han eta bai hemen".

Bihar, protesta

Horiek horrela, azken asteetan munduko hainbat txokotan egin duten modu berean, arrazakeria amaitzea aldarrikatzeko elkarretaratzea antolatu dute biharko, eta herritar guztiei parte hartzeko deia egin diete, izan zuri, izan beltz. "Gu ere herri honen parte garela ikusarazi nahi dugu, gainontzeko herritarren eskubide berak ditugula", adierazi du Colubalyk. "Uste dugu biharko ekintzak herritarrei zer pentsatua emango diela; horretarako balio izatea nahiko genuke behintzat". Elkarretaratzea Elkar-ekineko kideekin batera antolatu dute eta 19:00etan izango da, Azpeitiko plazan. Basanderiek asanblada feministak ere bat egin du ekimenarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide