Atzera eguneko zentrora

Nerea Uranga 2020ko eka. 12a, 10:14

Hiru hilabetez itxita egon ostean, astelehenetik hainbat herritako eguneko zentroak irekita daude. Mailo Eizagirre Azpeitikoko zentroko erabiltzaileak itzulera nolakoa izan den azaldu du.

"Astelehenean, ekainaren 8an, izan genuen bueltako lehen eguna eguneko zentroan. Bost lagun bakarrik izan ginen egun horretan. 35-40 erabiltzaile izaten gara egoera normalean. Zentrora sartu eta bakoitza punta banatan jarrita, denak isilik, telebista martxan, inorekin hitzik ez... 'Zer da hau?', pentsatu nuen. Eguerdi artea oso motela pasatu nuen", azaldu du Mailo Eizagirre (Azpeitia, 1943) Azpeitiko eguneko zentroko erabiltzaileak.

Koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondorioz, beste udalerrietako eguneko zentroen gisan, martxoaren erdialdean itxi zituen ateak Azpeitikoak ere. Zentroen erabiltzaileak azken hiru hilabeteetan beren etxeetan egon dira. Astelehenean berriro ateak ireki zituen Azpeitiko eguneko zentroak, eta hasi dira erabiltzaileak hara joaten.
Erabiltzaileak koronabirusarekin kutsatzea saihesteko, garbiketa eta segurtasun neurri «ikaragarriak» hartzen ari dira eguneko zentroko langileak, Eizagirreren arabera. "Ni oso gustura nago eguneko zentroan. Orain, ordea, elkarrengana ezin dugu arrimatu. Gainera, ondokoarekin hizketan hasi eta pixka bat gerturatuz gero, atentzioa ematen digute: 'Kontuz, ez arrimatu gehiago, e!'. Zentrora sartzerako eskuak garbitu behar izaten ditugu, eta maskararekin egon behar izaten dugu. Segurtasun neurri asko daude, eta gainera, ezin ditugu neurri horiek gainditu. Zerbait behar izaten dugunean, berehala egiten digute kasu; denerako laguntzen digute. Laguntzaile mundialak daude eguneko zentroan".

Urtebete da Eizagirre Azpeitiko eguneko zentrora joaten dela, eta gustura joan ohi dela dio, lagunartean berriketan egotea atsegin duelako. "Goizean, telebista ikusten-eta egoten gara. Batek egunkari bat eramaten du eta hango albisteak irakurtzen dizkigu altuan; orain, okerrena da dena koronabirusari lotutako berriak direla. Ondoren, bazkaldu eta siesta egiten dugu. Gero, pintaketan hasten gara. Oso ondo antolatuta dago zentroa, garbitasun eta ordena ikaragarria dago. Jatordurako jatekoa ere oso ona da. Gu ederki asko egoten gara bertan".

Gustura bai, baina egoera honetan nahi bezala egon ezin dutela eta, pena ere badu Eizagirrek; hala adierazi du umorez: "Lehen mahai bakoitzean sei pertsona egoten ginen; orain, baina, bi lagun bakarrik eta elkarrengandik bi metroko distantziara. Gaur [asteartea], nire aurrean zegoenari hala esan diot: 'Lehen asko hitz egiten genuen guk edozeinengatik eta edozertaz, baina orain ez daukagu inorengatik hitz egiterik, guk esandakoa denek entzungo dute eta! Gure etxeaz eta umeez hitz egin behar dugu bakar-bakarrik'. Lehen kuxkuxean aritzen ginen, eta orain ezin!".
Zentroa itxita egon den bitartean, etxean "pintatzen" eman du denbora gehiena Eizagirrek. "Otorduak senarrak prestatzen zituen; nik, berriz, nahi nuen arte egiten nuen lo. Arratsaldeetan, berriz, pintatzen jarduten nuen. Eguneko zentroan ikasi dut horretan, eta oso gustuko dut", kontatu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide