George Floyden heriotzak AEBetan hasi eta mundu osora hedatu ditu egiturazko arrazakeriaren eta polizia indarkeriaren kontrako protestak, eta Azpeitira ere iritsiko da mobilizazio olatu hori. Datorren zapaturako, ekainak 13, Arrazakeriarekin amaitu leloarekin elkarretaratzea deitu dute Urolako hainbat afrikarrek eta Elkar-ekin taldeak, 19:00etan, plazan.
"Urolan bizi diren hainbat afrikarrek eta Elkar-ekinek bilkura bat egin genuen joan den astean, egoeraz hitz egiteko eta eskualdean zerbait egin genezakeen aztertzeko. Bertan erabaki genuen datorren larunbaterako arrazakeriaren aurkako elkarretaratze bat deitzea", azaldu dute antolatzaileek. Poliziak hildako Floyden kasutik abiatuta, gogora ekarri dute "duela lau urte Elhadji N'Diaye gazte senegaldarra Iruñeko komisaria batean hil zutela Espainiako poliziek", eta Euskal Herri ez dela "arrazakeriarik gabeko herrialdea". "Hemen ere, askotarikoa da beltzen komunitateak (eta pertsona migratzaileek, oro har) bizi duen jazarpena: ugariak dira poliziaren aldetik pairatzen dituzten erasoak (Bilboko San Frantzisko auzoan konfinamendu garaian gertaturikoak, kasu); lan prekarietateak modu are ankerragoan eragiten die (zaintza lanetan dabiltzan emakumeei, adibidez); etxebizitza duin bat eskuratzeko zailtasunak biderkatzen zaizkie (pertsona asko etxe berean bizitzera behartuak daude, askotan), legearen aurrean babesgabe aurkitzen dira (erregularizazioa lortzeko oztopo itzelak dituzte) eta askotariko aurreiritzi eta bazterketei aurre egin behar diete egunerokoan".
Urola eskualdera etorrita, "ohikoak dira pertsona horien aurkako komentarioak eta iritziak", diote elkarretaratzea deitu dutenek. "Arrazakeriaren zantzuak agerikoak dira gurean ere, eta, horregatik, jarrera horiei aurre egitea beharrezkoa dela pentsatzen dugu. Gainera, egoera sozialak okerrera egingo du datozen hilabeteotan, eta jarrera arrazistak hedatzeko arriskua are handiagoa izango da testuinguru berrian", ohartarazi dute.