Azpeitiko alkatea

Nagore Alkorta: "Inor atzean ez uztea izan dugu helburu"

Julene Frantzesena 2020ko eka. 2a, 09:00

Laster beteko da urtebete Nagore Alkortak (Azpeitia, 1978) Azpeitiko alkate kargua hartu zuela. Agintaldiko lehen urteaz aritu da hizketan, azken aste eta hilabeteetan COVID-19ak sortu duen egoera eta bizi izan dutena ardatz hartuta.

Koronabirusak hartu du azken hilabeteetako agenda politikoa. Nola ari zarete bizitzen egoera?

Intentsitate handiarekin. Martxoaren 14an deklaratu zuten alarma egoera, eta bederatzi aste oso biziak izan dira, erabaki asko eta azkar hartzea egokitu baitzaigu. Egoerari erantzuteko, beharrezkoa izan da herritarrekin elkarlanean aritzea. Udaleko baliabideez gain, ezinbestekoa izan da elkartasuna, eta norbanakoek, taldeek zein enpresek egin duten lana eskertu nahi dugu. Herritarrek jotzen duten lehen atea udaletxekoa izaten dela ikusi dugu, eta helburu garbi batekin aritu gara: inor atzean ez uztea. Horretarako, aldaketa asko egin behar izan ditugu, baita zerbitzu asko indartu ere, batez ere gizarte zerbitzuen arloan. Beharrak hauteman behar izan ditugu, eta horretarako ezinbestekoa izan da boluntarioekin egin den lana: 70 urtetik gorako herritar denei deitu zaie zer behar dituzten jakiteko, oinarrizko elikagaien banaketa egin da, maskarak banatu ditugu… Lehen erantzuna modu osoan eman nahi izan dugu, eta 1,7 milioi euro bideratu ditugu neurri desberdinetara. Dena den, badakigu hau ez dela hemen bukatzen; badakigu asteak aurrera joan ahala, ziurrenik beste laguntza edo ekintza batzuk jarri beharko ditugula martxan. Udal Gobernua prest dago horretarako, baditu baliabideak eta gaitasuna, baina une gogorrak izango dira, eta denon artean egin beharko diogu aurre erronkari.

COVID-19ak gogor jo ditu zenbait herri. Azpeitian hemezortzi kasu soilik atzeman ditu Osakidetzak. Zein izan da kasuak ez areagotzearen gakoa?

Datu pozgarria da, eta hala segitzea nahi nuke. Euskal Autonomia Erkidegoko 10.000 biztanletik gorako herrien artean kutsatu gutxien izan dituena da Azpeitia. Ez dakit zientifikoki azaltzen zergatik ditugun hain kutsatu gutxi, baina prebentzio neurriak hartu dira, esfortzu handia egin da eta kontziente izan gara arazoaz. Hasierako egunetan beldur ginen, baina ematen du hedapena gelditu dela, eta horrek lasaitasuna ematen du.

Diru kopuru handia bideratu duzue gizarte premiei erantzutera. Zertan jarri duzue arreta?

Neurriak berehala hartuta, oinarrizko beharrizanei erantzun nahi izan diegu. Bagenuen gizarte larrialdi egoerarako 362.000 euroko dirulaguntza bat; ordainketak ahalik eta azkarren egiten saiatu gara eta laguntza hori eskuratzeko baldintzak malgutu egin ditugu. Ditugun giza eta ekonomia baliabideak beharrei azkar erantzutera bideratu ditugu, inor bazertuta ez sentitzeko eta udalak oinarrizko beharrei erantzuteko gaitasuna baduela ikusarazteko. Elikagai Bankuan egin den lana eskertu nahiko nuke aurrena; izan ere, bi hilabetean behin egiten da berez banaketa, baina apirilean ere gauzatzea erabaki zen. Ezohiko banaketa horretan 90 familia izan ziren onuradunak, eta oker ez banago, 36 izan ziren berriak.

Apirileko datuen arabera, langabezia tasak puntu bat egin du gora urte hasieratik Azpeitian. Joera hori berretsiko den sentipena al duzu?

Martxoaren amaieran ikusten zen langabetu kopurua pixka bat goraka zihoala, eta apirileko datuen arabera, %8,4tik %9,4ra igo da langabezia tasa urte hasieratik. Euskal Autonomia Erkidegoko, Gipuzkoako eta eskualdeko tasa baino zertxobait baxuagoa da Azpeitikoa, baina ikusten da goraka doala. Enpresa eta eragileekin izan ditugu lehen hartu-emanak, eta antzeman dugu oraindik ez garela iritsi muturrera; izan ere, aurretik zituzten eskaerei-eta ari dira erantzuten, eusten ari dira eta askok lana aldi baterako erregulatzeko txostenak ezarri dituzte. Txosten horiek bukaera izango dute, baina ez dakigu horiek lana erregulatzeko txosten izatera pasatuko diren edo lan munduan lehengo gisan txertatuko diren. Uda pasatzean, langabezia tasa igo egingo dela uste dut, eta lanik gabe gelditzen diren herritarrei baliabideak eskaintzera bideratu beharko dugu energia.

Pandemiaren zurrunbiloaren erdian, Sustapen Plana onartu duzue EH Bilduk eta EAJk aho batez. Zer garrantzi du planak?

Egoera zaurgarrienean dauden pertsonen beharrei erantzutean jarri genuen lehenik fokua, eta lehen oinarri hori lortu dugu. Dena den, beharrezkoa da epe ertain edo luzera begiratzea ere. Badakigu pandemia ez dela bukatu eta ondorioak hilabeteetan edo urteetan biziko ditugula, eta Txoke Plan bat egitea beharrezkoa zela iruditu zitzaigun. Sustapen Planak udaletik bideratzea garrantzitsua da; izan ere, instituzioen eskemaren barruan, udala da herritarrei lehen erantzuna eman behar dien erakundea. Udalak baliabideak izan behar ditu erantzuteko, eta udalen papera aldarrikatu egin behar da, egitea eta erantzutea dagokielako. Sustapen Plana bizia eta dinamikoa da, eta beharrei erantzuteko aterki bat ere bai: etxeko ekonomian eragiteko neurriak ez ezik, suspertze ekonomikoa ahalbidetuko dutenak ere jasota daude. Udaleko bi alderdiek aho batez onartu dute plana, eta uste dut une ona dela elkarrekin aritzeko; herritarrek ere hori eskatzen dute. Negoziatzeko eta hitz egiteko gaitasuna badugula erakusten du horrek.

COVID-19 gaitza dela eta, zer utzi behar izan du udalak alde batera edo gerorako?

Alarma egoera dekretu baten bidez deklaratu zuten, eta dekretu horrek epe administratiboak bertan behera utzi zituen. Hori dela eta, aste batzuetan ezin izan ditugu kontratazioak martxan jarri, eta prozedura administratiboak ere geldirik izan dira. Hori dela eta, alde batera utzi behar izan ditugu martxan genituen proiektu edo izapide batzuk. Dirulaguntzak eta lizitazioak albo batera utzi eta arretan zentratu gara, hala nola gizarte zerbitzuetan, brigadaren lanetan, kale garbiketan… Dena den, dagoeneko jarri dituzte martxan kontratazioak, eta alde batera utzitako proiektuei aurre egiten has gaitezke.

Udalaren egoera ekonomikoa oso ona dela esana duzu, nahiz eta aldundiaren foru funtsean %30eko jaitsiera izango den. Zein da Azpeitiko Udalaren egoera, zehazki?

Udalaren egoera ona da, azken urteetako kudeaketak zenbait erronkari aurre egiteko bidea ematen duelako. 2019ko kontuen likidazioak erakusten du exekuzio maila oso altua genuela eta udalak oinarrizko aurrekontu egonkortasuna nahiz finantza erregela betetzen dituela. Horrek erronkei aurre egitea ahalbidetzen du, eta diru zaintza gerakina ere badugunez, pandemia gertatu eta bi egunera, herritarren beharrei erantzuteko dirulaguntza kaleratzeko aukera izan dugu.

Udalaren sarrera garrantzitsuenetakoa da foru funtsa. Aurten hamar milioitik gorako sarrera aurreikuspena genuen, baina bilketa arazoak zeudela-eta jaitsiera izango zela jakinarazi ziguten aldundiko ordezkariek. Gero, komunikabideen bidez jakin genuen udal bakoitzak zenbat gutxiago jasoko zuen: Azpeitikoaren kasuan, 2,16 milioi euro gutxiago. Hori horrela izanik, gainerako sarrerak eta proiektuak nola egokitu ikusi beharko dugu. Eudeleko lehendakariorde naiz, eta hainbat udaletako ordezkariek jakinarazi genuen egonezina murrizketa dela eta. Izan ere, udalak ez ditu egoera onean uzten halako diru sarrera garrantzitsu bat egun batetik bestera mozteak. Azpeitiko Udalak gerakina izateak lasaitasuna eman eta herritarrei erantzuteko ahalmena gure esku dagoela erakusten digu.

Urtebete betetzear da alkate zarela. Agintaldiko lehen urteaz zer balorazio egiten duzu?

Ez dakit oso une ona den galdera horri erantzuteko... Urte oso intentsoa izan da Udal Gobernuan gauden kideontzat; izan ere, erabaki asko eta azkar hartu behar izan ditugu. Dena den, atzera begiratuta, urtebetean herriarekin bat egitea eta herri bezala jokatzea lortu dugula uste dut. Pandemiak ere erakutsi du ekimen publikoak eta komunitarioak jartzen ditugula martxan eta ahalmena dugula herri bezala erantzuteko. Desberdin pentsatzen dutenek edo gurera orain gutxi etorri diren pertsonek, denek, elkarrekin lan egiteko gaitasuna dugula erakutsi dugu. Bat egindako herria gara, eta lehen urtea positiboki baloratzen dut, nahiz eta pandemiak bete-betean harrapatu gaituela eta errazak ez diren une batzuk biziko ditugula jabetzen garen. Denok norabide berean joan beharko dugu.

Zer erronka dituzue datozen urteetarako?

Kanpainan esaten genuen gisan, EH Bilduk bi oinarri nagusi ditu: gizarte babesa eta sustapen ekonomikoa. Pandemia honek erakutsi digu gure lehentasunek eta herritarrek markatu dizkigutenek are indar handiagoa hartu dutela. Gizarte babesera bideratu behar ditugu dauzkagun baliabideetako asko, eta sustapen ekonomikora ere bai. Langabezia tasa igo egingo da, eta apustu bat egin behar dugula argi dugu. Industria da gure herriko motorra, eta industria lurren auziari heldu behar diogu. Bestalde, zaintza erdigunean jarri behar da, elkar zaintzen duen herria hobea izango delako eta zaintza beharrei erantzun beharra dagoelako. Horri lotuta, adinekoetan ere jarriko dugu arreta. Gainera, azpeitiarrek Azpeitian bizi eta lan egin ahal izatea nahi dugu.

Pandemiaren barealdia iristean, nolako Azpeitia irudikatzen duzu?

Azpeitia bizi bat, irekia, denok lekua duguna, denok babestuta sentitzen garen herri bat, azpeitiarrak bertan bizitzeko kalitatezko herri bat, denok gustura bizitzeko Azpeitia bat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide