Koronabirusaren krisiak kaltetutako musika taldeei laguntza ekonomikoa emateko, euskal musikaren industria babesteko zein horrek kulturari egiten dion ekarpenari balioa emateko, Naiz Kontzertuak egitasmoa jarri du martxan Naiz.info-k. Emanaldi horietako hiru Sanagustin kulturgunean izango dira datozen asteetan; hain zuzen ere, Gatibuk ekainaren 5ean eskainiko du kontzertua, Nogenek ekainaren 12an eta Zetakek ekainaren 19an. Dena den, oraindik ez dute emanaldien ordutegia zehaztu.
Kontzertu horiez etxetik gozatu ahal izango dute herritarrek streaming eta pay per view bidez, baina Kulturaz kooperatibak kaleratutako Kultur Bonoa duten herritarrek doan gozatu ahal izango dute horietaz. Izan ere, kontzertu bakoitzerako hainbat sarrerak zozkatuko dute. Gatiburen kontzerturako, esaterako, hamabost sarrera bikoitz zozkatuko ditu Kulturazek, eta honako inprimaki hau beteta parte hartu ahal izango dute herritarrek zozketan; astelehena izango da izena emateko azken eguna.
Datozen asteetan zabalduko dute Nogen eta Zetak taldeen kontzertuetarako sarreren zozketan parte hartzeko epea; Kultur Bonoa duten herritarrek parte hartu ahal izango dute zozketa horietan ere. Dena den, kontzertuetako baterako sarrerak eskuratzen dituzten herritarrek ezingo dute hurrengoetarako zozketetan parte hartu.
Kontzertuak streaming-ez
Kontzerturako sarrerak Naiz-eko harpideek ere eskura ditzakete dagoeneko 2,5 euroren trukean, eta antolatu dituzten bost kontzertuetarako –Sanagustinekoez gain, Huntzak eta ETSk ere eskainiko dute emanaldi bana– bonoa hamar eurotan. Bost kontzertuak hogei euroren trukean ikusteko elkartasun bonoa ere kaleratu dute. Naiz-eko harpide ez diren herritarrek bost euro ordaindu beharko dute emanaldi bakoitzerako sarrera –hamar euroko elkartasun bonoa ere izango da–, eta hogei eurotan eskuratu ahal izango dute bost saioetarako bonoa.
Kontzertuetako sarreretatik eskuratutako dirua taldeei eta kontzertu aretoei ekonomikoki laguntzeko baliatuko du Naiz-ek; izan ere, alarma egoeran eta konfinamenduan beren jarduna gelditu behar izan dute horiek. Gainera, ekarpen ekonomikoa tarteko kalitatezko ikus-entzunezko produktuak kaleratu ahal izango dituela azaldu du Naiz-ek; Fokuk eta Taom-ek ekoitziko dituzte emanaldiak.