Patxi Ruiz presoaren aldeko pintaketak egin dituzte ezezagunek Azpeitian, autobus batean

Urola Kostako Hitza 2020ko mai. 22a, 13:06

Ertzaintzaren arabera, aurpegia estalitako hiru lagunek anbulatorioaren aurreko geltokian zegoen autobus batean egin dituzte margoketak 07:30 aldean. Iturri horrek arabera, ezezagunek autobusa gelditzera behartu dute gidaria, eta "Aministia" eta "Patxi, zure borroka eredua, eutsi" idatzi dituzte horiek autobusaren alboetan. Azpeitiko Udal Gobernuak gertaera "lekuz kanpo" dagoela eta "salagarria" dela adierazi du.

Ezezagunek Murtzia II espetxean gose eta egarri greban den Patxi Ruiz presoaren aldeko pintaketak egin dituzte autobus batean. Ertzaintzak hedabide honi azaldu dionez, 07:30 aldean anbulatorioaren aurreko geltokian zegoen autobus batean egin dituzte margoketak. Iturri horren arabera, aurpegia estalitako hiru lagunek autobusa gelditzera behartu dute gidaria, eta "Aministia" eta "Patxi, zure borroka eredua, eutsi" idatzi dituzte horiek autobusaren alboetan.

Pintaketak "lekuz kanpo" daudela eta "guztiz salagarriak" direla adierazi du Udal Gobernuak. EH Bilduko udal ordezkariek "desadostasuna" agertu dute ekintzaren aurrean, eta adierazi dute Azpeitiko Udal Gobernuak bizikidetzaren eta normalizazio demokratikoaren alde jarraituko duela lanean, "herritar guztien eskubideak oinarri hartuta, eskubide urraketa guztiak salatuz, presoen eskubideen aurka ematen ari diren giza eskubide urraketak barne". Udal Gobernuak ohar bidez adierazi duenez, "beharrezkoa" da denek parte hartzea eta pausoak ematea, eta bide horretan, "elkarrekin lanean jarraitzeko borondatea eta konpromisoa" duela berretsi du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak gertaera gaitzetsi du, eta azaldu du autobusaren barruan ziren bost bidaiariek eta gidariak barruan egon behar izan dutela eta ez dutela kalterik jasan. Rafaela Romero Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatuak "elkartasuna eta gertutasuna" adierazi dizkie autobusean ziren lagunei, eta ekintza salatu du, halako protestek "Gipuzkoako herritarrek gainditutako uneetara itzultzea" eragiten dutelako. Gainera, hark adierazi du gipuzkoar guztien jabetzakoa den garraio publikoari egin diotela erasoa.

Azpeitiko EAk ere ekintza "guztiz arbuiagarria" dela eta "irmoki" salatzen duela jakinarazi du Twitter bidez. "Ez gara sartuko Patxiren borroka eredugarria denaren eztabaidan, baina jarrera hau eredugarria ez dela jakinekoa da. Ekintza hauek ez dute lekurik ez gure herrian ez inon!", azaldu du EAk.

Amnistia Garrasia Twitterreko kontuan gaur goizean ezezagunek egin dituzten pintaketen bideoa jarri dute ikusgai. Honako hau da kontu horretatik sare sozialean zabaldu duten bideoa:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide