Herriko jostunek egindako 500 maskara banatuko ditu Elkar-ekin taldeak, gaur arratsaldean, Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2020ko apirilaren 28a

Soreasuko Elkargunean, Sanjuandegiko auzo lokalean eta Urrestillako gazte lokalean banatuko dituzte maskarak, doan, 17:00etatik 19:00etara bitartean.

Koronabirusak eta gabeziak ia luxuzko produktu bilakatu dituzte babes maskarak. Azpeitiko farmaziek ez dute nahikoa material herritarren eskariei erantzuteko eta itxaron zerrenda luzeak dituzte. Horri erantzuna emate aldera, azken asteetan maskarak egiten aritu dira herriko hainbat jostun, eta gaur arratsaldean banatuko dituzte maskara horiek, herriko hainbat puntutan.

Elkar-ekin taldeko kideak arduratuko dira banaketa egiteaz. Guztira, 500 maskara banatuko dituzte, doan, 17:00etatik 19:00etara bitartean, Soreasuko Elkargunean, Sanjuandegiko auzo lokalean eta Urrestillako gazte lokalean. Pertsona bakoitzari maskara bat emango diote, baina egoera edo behar bereziren bat duenak mahaian dauden pertsonei jakinarazi ahal izango die. Maskarak sobre baten barruan egongo dira, erabilpenerako irizpideak jasotzen dituen orritxo batekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide