Bizi bat munduratzea konfinamenduan

Ihintza Elustondo 2020ko apirilaren 8a

Erditzea, haur bat mundura ekartzea. Bestela ere ekintza nahiko berezia da ama izatea, eta are gehiago, konfinamendu garaian. Goizane Aranburuk martxoaren 22an izan zuen seme txikia, eta egoera nola bizitzen ari den kontatu du.

Bederatzi hilabetez haren zain egon ostean, ostikoak sumatzen eta izaki berriaren aurpegia nolakoa izango zen irudikatzen egunak eman ondoren, martxoaren 22an munduratu zen Joanes. Haren gurasoek ez zuten sekula pentsatuko egoera horretan jaioko zenik semea; koronabirusak eragindako konfinamenduak bete-betean harrapatu baitu haren etorrera. Egoera berezia da, nola ez, etxekoak bizitzen ari direna. "Beti gogoratuko dugu semea salbuespen egoera honetan iritsi zela mundura. Egunen batean kontatzen diogunean, ez dakit sinetsiko duen!", azaldu du Goizane Aranburuk (Azpeitia, 1983). Semeari oraindik ezin dio bizitzen ari direna kontatu azpeitiarrak, baina egunkari honetan aletu ditu bere esperientziak.

Aranburu 40. asteko kontrola egitera joan zenean hasi zen nabaritzen haurraren etorrera berezia izango zela, egoerak hala behartuta. Azken kontrol horretan, bikotekidea ondoan izan zuen azpeitiarrak, baina medikuek ohartarazi zioten hura ezingo zela gainontzeko saioetara joan, koronabirusaren eraginez ezarri zituzten protokoloak tarteko. Erditzeko unean bikotekidea ondoan ez zuela izango barneratzen hasia zen Aranburu, baina azkenean, ez zen halakorik gertatu. "Dena bikain joan zen. Bikotekidea ondoan izan nuen erditzean, eta ez genuen nabaritu ezohiko egoera batean geundenik. Gauza bakarra antzeman genuen: maskarak jantzita egon behar izan genuen denbora luzez; gero, baimena eskatu genien maskarak kentzeko, eta utzi ziguten".

Eguerdi aldera jaio zen Joanes, eta gau horretan bertan, espero ez zuten zerbait gertatu zen. "Nire bikotekideak eztarriko mina zuen, eta erizainari ibuprofeno bat eskatu nion. Alarma piztu zen orduan. Bikotekideari esan zioten hobe zuela etxera joatea segurtasunagatik, eta 03:00etan ospitaletik alde egin behar izan zuen". Hala, bakarrik pasatu zuen lehen gaua Aranburuk. Egoera nolakoa zen ikusita, lehenbailehen etxera etortzea erabaki zuen bikoteak, eta hurrengo egunean etxean ziren hirurak. "24 ordu besterik ez genituen eman ospitalean".

Erditu aurreko egunetan ere, Aranbururi ez zion lagundu ezohiko egoerak behar zuen atsedena hartzen. "Erditu baino bi aste lehenago hartu nuen baja lanean. Ostegun batean utzi nion lan egiteari, eta hurrengo egunean eskolak ixteko agindua eman zuten. Orduantxe hasi eta amaitu zen nire atsedena". Izan ere, Aranburuk 3 urteko beste alaba bat du, eta haren zaintzaz arduratzea tokatu zitzaion eskolak itxi eta hurrengo egunetan. "Egunero 07:00ak aldera jaikitzen da gure alaba, eta harekin eskulanak, puzzleak, marrazkiak... egiten aritzen nintzen. Nire bikotekideak telelana egin beharra zuen, eta nik hartu nuen umearen ardura".

Erditu aurreko azken egun horietan paseatzeko beharra sentitzen zuela ere azaldu du Aranburuk, baina konfinamendua tarteko, ezinezkoa izan zitzaiola. "Mugimendua behar nuen erditzea martxan jartzeko, eta momenturen batean pentsatu nuen haurraren etorrera atzeratuko zela". Azkenean, baina, ez zen horrelakorik gertatu: "40 asteak pasatu eta hiru egunera etorri zen gure txikia".

Bigarren haurra jaiota, 3 urteko alaba eta egun gutxi batzuetako semea dituzte orain etxean Aranburuk eta haren bikotekideak. Konfinamenduak hala behartuta, ez dute inorekin egoteko aukerarik eta, beraz, laurak ari dira egoera berrira moldatzen. "Erditze osteko lehen astean oso ondo etorri zitzaidan konfinamendua. Izan ere, leher eginda nengoen, erditze ondorengo ajea nuen, mina, lo falta ikaragarria, edoskitzeko lehen egunak ziren...". Dena den, haren gorputza bere onera etortzen ari da dagoeneko, eta "gogor samarra" egiten zaio kalera ezin irten ahal izatea. "Orain, erabat errekuperatuta nago, eta desiratzen nago jaioberriarekin paseo txiki bat emateko, aire pixka bat hartzeko. Zaborra ateratzera joaten hasi naiz berarekin, gutxienez argia ikus dezan". Gainera, bilirrubina balioak zertxobait altu dauzka umeak, eta kanpoko argia gomendatu diote balio horiek erregula daitezen. "Baina egoera honek ez du laguntzen, eta irteten naizen une horietan beldurtuta egoten naiz ertzainak edo udaltzainak ikusteko".

Beraiek etxetik atera ezin izatea kontu bat da, eta inor beraien etxera joan ezin izatea bestea. "Nire gurasoek behin ikusi dute gure semetxoa, eta anaiek behin ere ez. Nire bikotekidearen familia guztiak ez du ezagutzen umea, eta gainontzeko kide eta lagunek ere ez. Pena ematen dit horrek; gogorra izan behar du beraientzat ere". Teknologiak laguntzen du urruntasun hori nolabait apaltzen. "Gertukoen babesa badugu, noski; telefonoz hitz egiten dugu beraiekin. Baina jaiotzaren ondorengo emozioak eta pozak ezin aurrez aurre partekatzea tristea da".

Eskaria: paseatzera irtetea

Ama izan berri, kalera ezin irtetea darama okerren Aranburuk. "Zehazki, paseatzera ezin irtetea egiten zait gogorrena. Irteteko aukera dugunerako ohitzen joan dadin, batzuetan haur kotxean sartzen dut umea, eta eragiten diot lotan dagoela... baina ez da gauza bera". Txakurrekin kalera irten daitekeen moduan, haurrekin ere horretarako aukera egon beharko lukeela uste du. "Paseo txiki bat ematera irteteko baimena izan beharko genuke. Gure umeak, gainera, kanpoko argia behar du bilirrubina erregulatzeko, eta leiho ondoan jarrita egon behar izaten dugu. Ez dut besterik eskatzen, umeekin paseo bat emateak ez dut uste kalte handirik sor dezakeenik; arduraz jokatzen bada eta gune berdeetan eta arriskurik ez sortzeko moduan egiten bada, behintzat".

Bigarren aldiz ama izan zenetik bi aste pasatu berri diren honetan, jaioberriari bularra ematen pasatzen du eguneko denbora gehiena Aranburuk eta, aldiz, haren bikotekideak hartu du 3 urteko haurraren zaintzaren ardura nagusia. Ama izateak berarekin dakartzan une polit bezain gogorrak eta etxean egon beharrak areagotzen dituen momentu zailak ahaztu gabe, alde positiboari begiratzen dio Aranburuk. "Koronabirusak erakutsi digu azkarregi bizi garela, eta espero dut guzti honetatik zerbait ikasita eta pertsona hobeak izanez aterako garela aurrera". Beraz, konfinamenduak gauza onak ere ekarriko dituela uste du azpeitiarrak. "Baina, hala ere, oso gogorra da askatasuna mugatuta izatea, eta kalera irteteko baimena ematen duten egunarekin amesten dugu. Batez ere, familiakoekin eta lagunekin egoteko gogoz gaude, gure semea aurkeztu eta momentu polit hauek beraiekin elkarbanatu nahi ditugulako".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide