Atzoz geroztik, Azpeitian ere ez da beste gairik: koronabirusa. Eta oraingoz, herrian kasurik atzeman ez badute ere, hainbat protokolo ezartzen eta beste hainbat neurri hartzen ari dira dagoeneko erakundeak, eragileak nahiz enpresak.
Azpeitiko Udalak gaur atera du pandemia bilakatu den gaixotasunari buruzko lehen oharra, eta erakundeak hala erabakita, gaurtik aurrera itxita izango dira Baigeraren Alde Zaharreko nahiz Sanjuandegiko bilguneak, baita Urrestillako jubilatuen elkartea eta eguneko unitatea ere. Erakundeak azaldu duenez, adineko pertsonei zuzendutako ekintza guztiak ere ez dituzte egingo, gainera. Horrez gain, San Martin egoitzan, eguneko zentroan eta etxez etxeko zerbitzuan protokolo zehatz eta bereziak ezarri dituzte dagoeneko.
Udalak jakinarazi duenez, oraingoz neurri horiek hartu dituzte, baina herriko eragileekin ere gaia aztertzen ari direla azaldu du, egoerak eskatzen badu neurri gehiago martxan jartzeko. Nagore Alkorta alkateak adierazi du eraginkortasunari dagokionez "garrantzitsua" dela denek koordinatuta hartzea erabakiak. "Egoeraren aurrean asko izan dira azken egun hauetan udalera jo duten entitateak eta taldeak. Hori dela eta, Osakidetzarekin koordinatuta, bilera egingo du udalak bihar bertan, taldeei nahiz eragileei informazioa eskaintzeko, horien zalantzak argitzeko eta jarraibideak azaltzeko".
Hala eta guztiz, biharko bilera iristeari itxaron gabe, eragile batzuk hasi dira neurriak hartzen eta ekitaldiak bertan behera uzten. Kulturaz kooperatibak, adibidez, datozen bi asteetarako Sanagustin kulturgunean eta Soreasu antzokian prestatuta zituen ekitaldi publiko guztiak bertan behera utzi ditu. Horrenbestez, aste honetako #Arkupehotsak egitasmoaren barruko Lumi eta Mocker's taldeen kontzertuak, Denbora Taupadak umeentzako antzerki emanaldia eta Zea Mays eta Habi taldeen kontzertuak ez dira izango, ezta datorren asteburuko Immaculate Fools eta Jotakieren emanaldiak eta San Jose Trikiti Jaialdia ere. Horrez gain, bi asteburu horietarako iragarritako zinema saio guztiak ere bertan behera utzi ditu Kulturazek. Oraingoz, kooperatibak ez du zehaztu antolatutako ekitaldiekin zer egingo duen, baina iragarri du datozen egunetan erabakiko duela ekitaldietarako sarrerak erosita zituzten herritarrek zer aukera izango dituzten. Kulturazek Azpeitiko Udalarekin adostuta hartu du egitasmoak bertan behera uzteko erabakia.
Erniarritz bertsozale elkarteak ere gisa bereko neurria hartu du, eta bertan behera utzi du, momentuz, Erniarraitz Txapelketaren X. edizioa. Zestoan ziren bigarren kanporaketa jokatzekoak igandean, baina ez da halakorik izango.
Kirol jarduera guztiak ere, federatuak eta federatu gabeak, eskola kirola barne, bertan behera geldituko dira Azpeitian. Gipuzkoako Futbol Federazioak bere eskumeneko txapelketa guztiak hamabost egunez etetea erabaki duela jakinarazi du, "Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Espainiako Futbol Federazioak kontuan hartuta". Epe horretan entrenamenduak ere bertan behera uztea aholkatu du federazioak, eta Lagun Onakek eta Ikasberrik bat egin dute gomendio horrekin. Lagun Onaken talde nagusiaren partida ez zela jokatuko iragarria zuten atzo. Iraurgi Saskibaloiak ere neurri bera hartu du eta bertan behera utzi ditu maila guztietako taldeen partidak eta entrenamenduak. Bertan behera utzi dute, halaber, Lagun Onak txirrindulari elkarteak antolatuta igandean jokatzekoa zen San Jose Txirrindularitza Saria, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak lasterketa guztiak bertan behera uztea eskatu ostean. Zapatuan Azpeitiko bolatokian egitekoak ziren Gipuzkoako Hiru Txirlo txapelketako bigarren kanporaketa ere ez dute egingo. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak ere aurrekoen bide bera hartu du eta, horrenbestez, Ilunpek bertan behera utzi ditu entrenamenduak, baita klubeko pilotariek jokatu beharreko partidak ere. Lagun Onak Mendi Bazkunak iganderako antolatutako Eskolarteko XXXIII. Mendi Lehiaketa ez da egingo. Izarraitz Igeri Elkarteak ere eten egin ditu entrenamenduak.
Beste hainbat lekutan gisan, Azpeitiko Udalak eskuak garbitzeko gel antiseptikoak eta jarraibideak jasotzen dituzten kartelak jarri ditu udal eraikinetan; horiek zabalik daude oraingoz. Enpresa batzuetan ere hasiak dira neurri bereziak hartzen; hain zuzen ere, Sammic lantegian, adibidez, beharginen arteko kontaktua ahalik eta txikiena izan dadin aldaketak egin dituzte lan jardunean. Sammic-eko ordezkari batek UROLA KOSTAKO HITZAri adierazi dionez, besteak beste, langile gehienak erreleboan hasi dira lanean, bi erreleboen aldaketan langileek kontakturik ez izateko neurriak hartu dituzte, sail bakoitzak bere komunak erabiliko ditu... "Helburua da langileek elkarrekin ahalik eta kontaktu gutxiena izatea", azaldu du Sammic-eko ordezkariak. Gainera, beste hainbat enpresatako beharginak etxetik hasi dira lan egiten; hau da, telelana egiten ari dira.
Bestalde, Kepa Susperregi Azpeitiko erretoreak azaldu duenez, Gipuzkoako Bikariotzak ohar bat helarazi zien elizbarrutiko parrokiei larunbatean, zenbait neurri hartzeko eskatuz. Hain zuzen ere, elizaren sarrerako ur bedeinkatua kentzea, eskuak garbitzea, bakea ematerakoan eskurik ez erabiltzeko eta jaunartzean ostia eskura ematea eskatu diete eliztarrei.