Eraikin publikoetan apustu etxeen iragarkiak debekatzeko eskatu dio Elkar-ekinek Azpeitiko Udalari

Urola Kostako Hitza 2020ko martxoaren 9a

Joan den zapatuko herri kirol finaletan eta urtarrileko pilota jaialdian Izarraitz pilotalekuan zegoen publizitatearen aurrean "kexa" agertu du taldeak. Publizitatea apustu etxeek "jendea apustuetara erakartzeko darabilten bitarteko nagusia" dela dio Elkar-ekinek eta "gaiaren inguruko konpromiso argia" eskatu dio udalari.

Herriko eraikin publikoetan apustu etxeen publizitatea debekatzeko eskatu dio Elkar-ekinek Azpeitiko Udalari. Izarraitz pilotalekuan egindako bi kirol jaialditan ikusitakotik abiatuta dator, hain zuzen ere, Elkar-ekinen eskaera: joan den zapatuko herri kirol finaletan eta urtarrileko pilota jaialdian udal pilotalekuan zegoen publizitatearen aurrean agertu du "kexa" taldeak.

"Publizitatea da jendea apustuetara erakartzeko Codere, Kirolbet eta antzeko enpresek darabilten bitarteko nagusia. Publizitateak eragin zuzena du ezagutzen ari garen apustu negozioen goraldian, eta nola ez, bere ondorioetan. Apustu enpresak irabazi itzelak izaten ari dira, baina irabazi horien itzalean daude gero eta herritar gehiagorengan eragina duten ludopatia kasuak", azaldu du Elkar-ekinek. Apustuen zein ludopatiaren gorakadak adin txikikoen artean duen eraginaz ere ohartarazi du taldeak: "Azken datuen arabera, ludopata berrien hamarretik bat gutxienez adin txikikoa da". Horrekin lotuta, iazko otsailean 16 urteko neska batek bere burua Azpeitiko Reta apustu etxearen lokalean apustu egiten nola grabatu zuen ekarri dute gogora, eta salaketa hark ez duela ondoriorik izan ere bai: "Orduko alkateak gaia ikertzeko asmoa erakutsi zuen Twitter bidez, baina guk dakigula apustu etxera adin txikikoek joaten jarraitzen dute, eta hemen ez da ezer gertatzen".

"Gaiaren inguruko konpromiso argia" eskatu dio udalari Elkar-ekinek orain, eta bide horretan herriko eraikin publikoetan apustu enpresen publizitatea debekatzea "berehala hartu beharreko erabakia" dela deritzo taldeak.

Azpeitian apustuen eta horien eraginen gaia "lantzen jarraitzea beharrezkoa" dela ere uste du Elkar-ekinek eta horren gaineko "egitasmo berriak" iragarri ditu datozen asteetarako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide