Martxoaren 14an, gaur zortzi, izango da Lagun Onak mendi bazkunak 2020rako antolatu duen Azpeitia-Iruñea egitasmoaren lehen etapa: Azpeitia-Tolosa, 24 kilometrokoa.
08:00etan izango da irteera, plaza Nagusian. Arauntza baserritik gora Arauntza tontorrera iritsi, handik Sañu tontorrera pasatu eta, aurrera jarraituz, Etumetara eta ondoren Zelatunera eramango ditu mendizaleak ibilaldiaren lehen zatiak. Zelatunen hamaiketakoa egingo dute; salda Lagun Onak MB ren kontura izango da.
Ibilaldiarekin jarraituta, Herniora igoko dira, eta Unbeltz eta Herniozabaletik pasatuko dira. Bazkaltzeko beste tarte bat hartuko dute mendizaleek bidean, Tolosara jaitsi aurretik. Ibilbidearen helmugara 16:30-17:00 ingururako iristea aurreikusten dute antolatzaileek.
Izen ematea irekita dago martxoaren 12a arte, osteguna. www.lagunonakmb.org helbidean edo Azpeitiko mendizaleen tabernan eman daiteke izena. Lagun Onak MBren bazkideek 10 euro ordaindu beharko dute, eta bazkide ez direnek 15 euro.