Etzi, Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketako finalak jokatuko dituzte Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. 18:30ean hasita, nor baino nor gehiago arituko dira Jesus Mari Mujika eta Iker Vicente, Mikel Larrañaga eta Jon Rekondo eta Julen Alberdi Txikia IV.a eta Ugaitz Mugertza. Emakumeen Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa eta Urrezko Harrijasotze Txapelketa ere jokatuko dituzte, baita 19 eta 23 urtez azpikoen binakako aizkolari txapelketak ere.
Julen Alberdi Txikia IV.a eta Mikel Larrañaga dira finalistetako bi. Final parekatua espero dute, izan ere, hiru finalistek irabazi zein galdu egin dute elkarren aurka txapelketako jardunaldietan. Txikiak eta Mugertzak Vicente eta Mujika garaitu zituzten; Larrañagak eta Rekondok Txikiari eta Mugertzari irabazi zieten, eta Vicentek eta Mujikak, Larrañagari eta Rekondori.
Finalistek hainbat lan egin beharko dute finalean. Hasteko, bikoteko aizkolari batek 45 ontzako egur bat ebaki beharko du erlojuaren aurkako proban. Bigarren lanean, zutikako kanaerdiko enbor bat ebaki beharko dute txanda librean. Segidan, 65 ontzako egur bat bi aizkolariek ebakiko dute. Gero, bikoteko partaide batek 45 ontzako enborra moztu beharko du lehenik, eta hori moztu ahala, haren bikotekideak etzandako kanaerdikoa ebakiko du. Azken lanean, berriz, lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi 65 ontzako ebaki beharko dituzte txanda librean.
Julen Alberdi aizkolari azkoitiarra «gustura» dago azken egunetan egindako lan saioekin. «Egur gehiago mozten aritu gara orain, bereziki erresistentzia lana ere gehiago landu behar delako amaierara begira», azaldu du. Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarrak, bestalde, adierazi du «ondo» daudela. «Entrenamendu politak egin ditugu, eta ondo iritsiko gara finalera», azaldu du azpeitiarrak.
Final estua espero dute bi aizkolariek. Julen Alberdik, esaterako, «segundo gutxiko kontua» izango dela uste du. «Hasierako lanetan denbora gutxi galdu behar dugu, eta amaierara indarrarekin iritsi, bukaerako lana baita luzeena», nabarmendu du Txikiak.
Mikel Larrañagak ere ez du faborito argirik ikusten. «Vicentek eta Mujikak zutikakoan abantaila dute, eta Txikia eta Mugertza enborra azkar ebakitzen onak dira. Azken horiek ihes egiten badigute edota eusten ez badiegu, zaila izango da gero harrapatzea», azaldu du azpeitiarrak.
Txapelketa gehiago jokoan
Emakumeen Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketan, Nerea Sorondo, Irati Astondoa eta Maika Ariztegi ariko dira lehian. Urrezko Harrijasotze Txapelketan, berriz, Xabier Peñagarikanok, Urdax Magunazelaiak eta Aimar Galarragak neurtuko dituzte indarrak. 23 urtez azpikoen Urrezko Binakako Aizkolarien Txapelketan, Ioritz Gisasola Zelai IV.a eta Suharri Rodriguez, Julen Larrea eta Jokin Urretabizkaia eta Hodei Ezpeleta eta Unai Zabala ariko dira. Aldiz, 19 urtetik beherakoen txapelketan, Axel Larrañagak eta Markel Zapiainek jokatuko dute Oier Larretxearen eta Endika Goiaren kontra.