Eskualdeko bost erremontista lehiatuko dira aurtengo Sagardoaren Txapelketan

Urola Kostako Hitza 2020ko martxoaren 5a

Segurola aizarnazabaldarrak eta Ion azpeitiarrak bikotea osatuko dute, Matxin III.a azpeitiarrak Azpirozekin batera jokatuko du, Agirrezabala azpeitiarrak Juanenearekin, eta Larrañaga azkoitiarrak Ansa II.arekin. Gaur jokatuko dute lehen jardunaldia, Galarretan.

Gaur jarriko da martxan, Hernaniko Galarreta pilotalekuan, erremonteko binakako X. Sagardoaren Txapelketa. Zortzi bikotek hartuko dute parte, bi multzotan banatuta. Aurten ere bikote bakoitzak sagardotegi bat ordezkatuko du txapelketan, eta aurreko aldietan bezala, Urola Kosta ondo ordezkatuta egongo da. Hain zuzen ere, eskualdeko bost erremontistak jokatuko dute txapelketa: Beñat Segurola aizarnazabaldarrak, Ion Etxeberria azpeitiarrak, Xuban Oiarzabal Matxin III.a eta Igor Agirrezabala matxinbentarrek, eta Iban Larrañaga azkoitiarrak.

Iaz txapela jantzi zuen Segurolak Ionekin osatuko du bikotea aurten. Gaztañaga sagardotegiaren izenean jokatuko du bikote horrek, eta A multzoan Urola Kostako ordezkari bakarrak izango dira; Goikoetxea-Endika (Gurutzeta), Ezkurra II.a-Zubiri (Larre Gain) eta Urriza-Arruarte (Bereziartua) dira multzo horretako beste hiru bikoteak. B multzoa, berriz, Matxin III.a-Azpiroz (Petritegi), Juanenea-Agirrezabala (Altzueta), Aldabe-Barrenetxea IV.a (Oialume Zar) eta Ansa II.a-Larrañaga (Setien) lehiatuko dira.

Azken multzo horretako neurketa batekin hasiko da txapelketa gaur arratsaldean, eta eskualdeko pilotari bat ariko da bertan: Matxin III.ak eta Azpirozek (Petritegi)  Aldaberen eta Barrenetxea IV.aren (Oialume Zar) kontra jokatuko dute. 16:00etan hasiko da jaialdia eta bigarren partida izango da txapelketakoa. Lehen faseko ligaxkaren lehen jardunaldiaren barruko neurketa izango da gaurkoa; lehen fasea osatzean, multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuak igaroko dira finalaurrekoetako ligaxkara. Apirilaren 18an bukatuko da gaur hasiko den lehen fasea, finalaurreko ligaxka apirilaren 23an hasi eta maiatzaren 2an amaituko da, eta finala maiatzaren 9an jokatuko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide