Azkoitiko eta Azpeitiko adinekoen egoitzetako langileak eskuorriak banatzen aritu dira

Urola Kostako Hitza 2020ko martxoaren 3a

232. greba eguna dute gaur erresidentzietako langileek, eta beren gatazka gizarteratzeko helburuarekin, eskuorriak banatzen eta kartelak pegatzen aritu da hainbat langile gaur Azpeitian.

Azpeitiko eta Azkoitiko adinekoen egoitzetako langile talde bat beren gatazka gizarteratzen aritu da gaur Azpeitian. 10:00etan elkartu dira, eta azoka eguna aprobetxatu dute, kartelak jartzeko eta eskuorriak banatzeko. 232. greba eguna dute gaur erresidentzietako langileek; hiru urte daramatzate hitzarmena eguneratu gabe eta "zaintzaren kalitatea bermatzeko urrats irmoak" eskatzen dituzte, ELA sindikatuak azaldu duenez. "Bien bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du inolako erantzunik ematen, kontuan hartuta egoitzen %90 erakunde horrek finantzatzen duela. Martxoaren 8a datorren honetan, erakundeei eskatu nahi diegu propaganda gutxiago egin dezatela eta benetako errealitateei erantzun diezaietela. Hauxe baita berdintasunean urratsak emateko adibide garbia", adierazi du ELAk.

Sindikatuak jakinarazi duenez, honako hauek dira langileen kexa nagusiak: langileen herena baino gehiago 1.000 euroko soldatara ez da iristen; pertsona bat altxatu, garbitu, jantzi eta hari pixoihalak aldatzeko hamabost minutu baino ez dituzte izaten; egoitza askotan, bi erizain baino ez daude 140 pertsona artatzeko; gizonezkoek lan egiten duten sektoreekin alderatuta, 6.000 euro gutxiago kobratzen dituzte emakume izateagatik; eta eguneko 90 minutuko arreta baino ez dute adinekoek. "Gipuzkoako senideak ere protestak egiten ari dira, gatazkari irtenbideak eskatzeko. Gure aitona-amonen bizitza erdigunean jartzea da helburu nagusia, interes ekonomikoak eta kapitalistak alde batera utziz", erantsi du ELAk.

LABek deituta, elkarretaratzea

LABek deituta ere egin du protesta gaur, adinekoen egoitzetako hainbat langilek. Plazan elkartu dira horiek, Helduen egoitzetako hitzarmena orain! lelopean. Hain zuzen ere, LABek salatu du patronalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak adinekoen egoitzetako herrialde hitzarmena "bahitu" duela, "interes ekonomikoak eta politikoak" lehenetsita. "Argi dago hitzarmenik gabe biluzik gaude, eta horrenbestez, egoerari buelta emateko LABek tinko eutsiko dio borrokari".

Sindikatuak adierazi duenez, joan zen otsailaren 12rako deituta zegoen negoziazio mahaira ez joatea erabaki zuen. LABen arabera, patronalek azken bileran aurkeztutako proposamenari erantzuteko hartu zuten bilkurara ez joateko erabakia: "Ezin dugu inondikinora onartu 2017-2018 urteak galdutzat ematea". Indar metaketen aldeko hautua egin duela ere esan du sindikatuak: "ELA sindikatua gonbidatzen dugu LABek eta CCOOk Gipuzkoako senideekin batera hasi dugun indar metaketan parte hartzera".

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide