Elkar-ekinek antolatuta, Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa dokumentala eskainiko dute gaur Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita. Energia nuklearraren kontra eginiko protesta baketsu batean, Guardia Zibilak Gladys del Estal hil zuen, tiroz, 1979an, Tuteran (Nafarroa). Egun hartako gertakariak eta mugimendu antinuklearrak Euskal Herrian zein nazioartean izan zuten garrantzia bildu dute 66 minutuko dokumentalean. Bertha Gaztelumendi (Irun, Gipuzkoa, 1962) da lanaren zuzendaria, eta Azpeitian izango da gaur dokumentalaren gidoigile Sabino Ormazabalekin batera.
Badira hilabete batzuk Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa dokumentala plazaratu zenutela. Nolako harrera izan du?
Dokumentalak harrera oso ona izan du aurreneko unetik. Zinebi jaialdian aurkeztu genuenean harrera ezin hobea izan zuen ikus-entzunezkoak, eta orain arte egindako bidean jasotako erreakzioak ere oso onak izan dira. Gainera, duela gutxi Argia saria jaso zuen dokumentalak. Eskerrak eman besterik ez dugu; izan ere, pozez hartzen dugu egindako lanak izan duen harrera beroa.
Proiektuaren hastapenetara joanda, zer dela eta erabaki zenuten dokumentala sortzea?
Ideia aspaldikoa da. Sabin Ormazabalek proposatu zidan dokumentala egitea duela urte batzuk. Ordurako elkarlanean aritutakoak ginen, Argituz izeneko giza eskubideen elkartean, etabageneukan ohitura elkarrekin aritzeko. Duela hiru urte hasi ginen dokumentala grabatzen, baina orain dela urtebete murgildu ginen sakon proiektuan.
Zer kontatzen du ikus-entzunezkoak?
Gladys del Estali ekainaren 3 hartan gertatutakoa kontatzea proposatu zidan Sabin Ormazabalek, Gladysena inoiz kontatu gabeko pasartea zelako eta kontatu beharra zegoelako. Baina horrez gain, sasoi hartako gizarte mugimenduari egin nahi genion erreferentzia. Erakutsi nahi genuen zernolako gizarte mugimenduak lortu zuen orduan martxan zegoen Lemoizko zentral nuklearra eta irekitzekoak ziren beste zentralak gelditzea. Pentsatu genuen oso interesgarria zela mugimendu horren jarduna gogoraraztea; iruditzen zaigu nuklearren aurkako mugimenduak hainbat ikasketa utzi duela. Gaur egunera ekarrita, kontakizuna interesgarria eta baliozkoa izan zitekeela iritzita ekin genion lanari.
Nolakoa izan da sormen prozesua? Zein motatako baliabideak erabili dituzue dokumentala osatzeko?
Sabino oso militante aktiboa zen nuklearren aurkako mugimenduan, eta ni ere borroka horretan murgilduta ibili nintzen. Gertutik eta lehen pertsonan ezagutu genuen mugimendu hura, eta hori kontuan hartu dugu dokumentalaren sormen prozesuan.
Ahalik eta jende gehien elkarrizketatzen saiatu gara, arrazoi batengatik: nuklearren aurkako mugimendua oso anitza zelako eta aniztasun hori ere erakutsi nahi genuelako ikus-entzunezkoan. Desobedientzia zibilak pisu handia zeukan sasoi hartan, hainbat militantek antimilitarismoarekin ere bazuten harremana… Diskurtso desberdin asko biltzen zituen mugimendua zen nuklearren aurkakoa. Beraz, garai hartan lanean, protestetan eta erresistentzian ibili zen jendearekin egoten eta elkarrizketak egiten saiatu gara. Euskal Herriko hainbat txokotan egin genituen elkarrizketak, eta Danimarkara ere joan ginen, han sortu baitzen gaur egun mundu guztiak ezagutzen duen nuklearren aurkako pegatina; eguzki irribarretsuarena. Haren sortzailearekin egon ginen han. Dokumentalean artxibo lana ere asko dago; horren harira, eskertu nahi dugu jendeak emandako laguntza. Pertsona askok begiratu du etxeko tiraderatan, sasoi hartako argazkiak-eta berreskuratzeko eta ondoren guri emateko. Zentzu horretan, oso esperientzia polita izan da.
Zerk egiten du berezi sortu duzuen lana?
Gauza asko kontatzen dugu, eta horrek egiten du berezi. Nuklearren aurkako borrokan parte hartu zuten eragile guztien berri ematen dugu, eta hori bada bereizgarria. Gertatu zenaren inguruko ikuspegi edo kontakizun desberdinak ere jaso ditugu. Horrez gain, lehengo eta oraingo irudiak uztartu ditugu, eta horrek ere badu bere xarma. Izan ere, alde handia dago duela 40 urteko irudien eta sasoi hartan borrokan zebiltzan jendearen gaur egungo bideoen artean. Dokumentalean atzera begira jartzen da ikuslea, gaur egungo kontakizunetatik abiatuta. Gertaera hura iluna izan zen, eta gu saiatu gara momentu hori nolakoa izan zen kontatzen, bati eta besteari galdetzen, ahalik eta testigantza grafiko gehien bilduz.
Gazteek ezagutzen al dute Gladys del Estalen istorioa?
Ez, gehienek ez. 40 urte pasatu dira ordutik, eta normala da. Beste bizimodu bat, beste klase batzuk eta gauzak egiteko beste modu batzuk daude gaur egun. Pentsatzen genuen merezi zuela gazteek Gladys eta haren inguruan sortu zen mugimendua ezagutzea. Horregatik, gure helburu nagusietako bat izan da jende gazteari gertaera hori kontatzea. Gladys gogoan mantendu da urte luzez, baina guk eskatzen dugu Espainiako Estatuak biktima gisa onar dezala.
Azpeitian eskainiko duzue dokumentala gaur. Zergatik joan behar lukete herritarrek ikus-entzunezkoaren proiekziora?
Nuklearren aurkako borroka ezagutu zutenei esan nahi diet etortzeko, oroitzapenei hautsa kentzeko aukera aparta izango delako. Gazteei, aldiz, ezbairik gabe animatzeko esango nieke: Gladysen hilketak eta nuklearren aurkako borrokak pisu handia izan zuten Euskal Herrian, eta memoria hori izateak gure herria hobeto ulertzeko aukera ematen du.