2020ko mendi irteeren egutegiaren barruan Azpeitiko Lagun Onak mendi bazkunako mendizaleek prestatu duten egitasmoetako bat da Azpeitia-Iruñea. Bost etapetan egingo dute oinez zeharkaldia, martxoaren 14an (larunbata) hasita. Neurri batean Zezenaren ibilbidea bezala ezagutzen dena segituko dute Azpeitiko mendizaleek, "ez osorik, ordea". Lagun Onakekoek zehaztu dutenez, Zezenaren ibilbidea deskatalogatuta dago egun: "Zezenaren ibilbideko bide zati batzuk itxita daude, eta beste batzuk, berriz, egoera txarrean. Horregatik, ibilbidea eta etapak geuk osatu ditugu, aukera desberdinak ikusita. Berez, bide laburrena Aralarretik izango litzateke, baina hogei kilometro inguruko etapak antolatzeko modurik ez zigun eskaintzen aukera horrek, etapa bat edo beste Aralarren, erdibidean, bukatuko liratekeelako".
Martxotik uztailera bitartean, hilero egitasmoko etapa bat egingo dute, eta uztailaren 4an egingo dute azkenengoa, Oteiza-Iruñea artekoa. Bost etapetan "gogorrena" lehenengoa dela adierazi dute mendizaleek, Azpeitia-Tolosa bitartekoa: "24 kilometroko ibilbidea da, mendi-mendikoa. Azpeititik irten eta Arauntza-Hernio-Unbeltz-Herniozabal-Markeskua auzoa-Tolosa bidea egingo dugu". Egitasmoko etapa guztiak 20 eta 30 kilometro artekoak dira.
Azpeitia-Tolosa arteko martxoaren 14ko irteeran parte hartzeko izen-ematea astelehenean, martxoaren 2an, zabalduko du Lagun Onak MBk, eta martxoaren 12a (osteguna) bitartean egongo da izena emateko aukera. Izena emateko bi modu daude: lagunonakmb.org webgunean idatzita edota mendizaleen tabernara (Elizkalea 21, Azpeitia) joanda.
Azpeitia-Iruñea, etapaz etapa:
1. Azpeitia-Tolosa. Martxoak 14 (larunbata). 24 kilometro
2. Tolosa-Leitza. Apirilak 25 (larunbata). 24 kilometro
3. Leitza-Aldatz. Maiatzak 16 (larunbata). 20 kilometro
4. Aldatz-Oteiza. Ekainak 13 (larunbata). 27 kilometro
5. Oteiza-Iruñea. Uztailak 4 (larunbata). 20 kilometro
Etapa bakarren bateko eguna aldatzea posible dela adierazi dute Azpeitiko mendizaleek.
Etapaz etapako egitasmoak
Herri batetik besterako zeharkaldiak etapaka egiteko egitasmoarekin 2017. urtean hasi zen Azpeitiko Lagun Onak MB. Orduan, Azpeitia-Hazparne. 30 urte, bi herri pausoz pauso egin zuten, Azpeitiaren eta Hazparneren arteko ibilbidea osatuz, sei etapatan. "Ikusita proposamenak jendearen artean izan zuen arrakasta, antzeko formatuko egitasmoekin jarraitzea erabaki genuen", adierazi dute mendizaleek.
Ondoren, 2018an, Azpeitia-Bilbo arteko ibilbidea egin zuten, zortzi etapatan. Iaz, 2019an, berriz, Arrainaren eta ardoaren ibilbidea osatu zuten, Bermeo (Bizkaia) eta Oion (Araba) arteko ibilbidea eginez, GR-38 bidea segituz.
Urtez urte, Lagun Onakek antolatutako mendi ibilbideetan jendearen parte hartze handia izan da, eta harrera ona jaso dute antolatu dituzten ibilbideek. "Azpeitia-Hazparnekoa bukatu genuenean, hurrengo urterako zer proposamen genuen galdetzen hasi zen jendea. Eskaera hori kontuan hartuta, antzeko formatuko egitasmoekin jarraitzea erabaki genuen. Gainera, antolatu ditugun egitasmoak ibilbideetan parte hartu duten mendizale batzuk proposatutakoak izan dira. Etapaz etapako egitasmo hauek antolatzeko taldetxo bat dugu osatuta", azaldu dute Azpeitiko mendizaleek.