Zer motatako kontzertua emango duzu igandean Azpeitian?
Formatu desberdinetako kontzertuak ematen ditut; batzuetan bakarka, beste batzuetan Joseba B. Lenoirrekin batera, eta taldean ere igotzen naiz oholtza gainera. Taldean grabatutako Zilar printzak diskoa argitaratu genuen abenduan, eta diskoa aurkezteko kontzertuak ematen hasiko gara orain. Azpeitikoa izango da taldean diskoa aurkezteko eskainiko dugun lehen saioa.
Zilar printzak diskoak zer berezitasun du aurrekoarekin alderatuta?
Lau kantuz osatuta dago; guk sortutako bi kantuz eta beste bi bertsioz. Aurreko lanarekin konparatuta desberdina da, taldean grabatu dugulako. Bagenituen pare bat kantu oraindik grabatu gabeak, kontzertuak osatze aldera sortu genituenak. Horrelakoetan, arriskua egoten da kantu horiek sekula ez grabatzeko, eta ahaztu aurretik grabatzea eta beste bi bertsiorekin batera diskoa osatzea erabaki genuen; Ruper Ordorikaren Orain barre, orain negar eta Delirium Tremensen Laino ilunak abestien bertsioekin. Horrela, esker ona adierazi nahi diet taldekideei bi urte hauetan egindako lanagatik.
Aipatu duzu formatu desberdinetako kontzertuak ematen dituzula. Non sentitzen zara erosoen?
Bakarka, binaka edo taldean jotzea oso desberdina da, energia mota ezberdinak sortzen baititu formatu bakoitzak. Hala, zenbat eta gehiago atera eszenatokira, orduan eta erosoago sentitzen naizela uste dut. Azkenaldian dezente ari naiz bakarka jotzen, eta ari natzaio puntua hartzen; asko ari naiz disfrutatzen. Lehen erreparoa ematen zidan bakarka jotzeak, norberaren esku dagoelako dena: musika, isiltasuna, apurtzeko unea... konplexua da dena kudeatzea. Bestetik, taldean kontzertua ematea ere oso ederra iruditzen zait.
2017an Mice bakarkako proiektua abiatu zenuen. Musikari bezala hazten lagundu al dizu?
Bakarkako proiektuak musikari eta kudeatzaile bezala hazten lagundu dit. Asko ikasi dut azken bi urte hauetan, horrelako proiektuetan norberari tokatzen zaiolako musikaren munduak dituen arlo guztiak jorratzea.
Horrez gain, bakarkako proiektuetan, musikaria bakarrik igotzen da oholtza gainera edo protagonismo berezia izan ohi du, beraz, ardura handiagoa sentitzen da. Micek musika arloan hazteko balio izan dit.
Igandean Joseba Irazokirekin elkarbanatuko duzu oholtza. Berezia al da zuretzat berarekin saio berean aritzea?
Joseba Irazoki oso garrantzitsua da niretzat, erreferentea baita. Asko entzun izan dut, eta argitaratzen dituen lan guztiak jarraitzen ditut. Gainera, laguna ere bada, eta oso pozik nago berarekin joko dudalako.