Aitor Zubillaga (Azpeitia, 1999) atletak pista estaliko maila absolutuko Euskadiko txapelketan urrea lortu du 60 metroko proban. 06:99 denbora eginda erdietsi zuen garaipena Atletico San Sebastian taldean aritzen den atleta azpeitiarrak. Txapelketan egindako denborarekin ez zen gustura gelditu Zubillaga: "Sasoiko nago, eta denbora hori eginda ez nintzen gustura gelditu". Orain dela bi aste, 23 urtez azpikoen Espainiako Txapelketa jokatu zuen Salamancan (Espainia), eta orduan 23 urtez azpikoetan Gipuzkoako marka egitea lortu zuen; 60 metro 06:83 denboran eginda. "Euskadiko txapelketan Salamancan egindako denbora horretan ibiltzea nahi nuen, baina gehiago egin nuen, eta ez nago gustura".
Aitor Zubillaga atleta azpeitiarra, podiumean.Espainiako atletismoko maila nagusian ariko da datorren asteburuan atleta azpeitiarra. Ourensen (Galizia) pista estaliko absolutuen Espainiako Txapelketako 60 metroko proba jokatuko du. "Salamancan egin nuen denboratik gertu ibiltzea gustatuko litzaidake Ourensen. Finalerako sailkatzea zaila izango dut, maila olinpikoko atletek ere parte hartuko dutelako. Dena den, itxaropena ez da inoiz galdu behar", esan du Zubillagak. Larunbatean kanporaketak jokatuko dituzte eta igandean finalerdiak eta finala. Asteburuko jardunaldiarekin pista estaliko sasoia bukatuko du eta udaberrian hasiko du pista irekiko sasoia.
Jon Perez: "Ez nuen espero horren ondo egitea"
Jon Perez atleta azkoitiarra.Pista estaliko absolutuen mailako Euskadiko Txapelketan Jon Perez (Azkoitia, 1997) atletak urrea lortu zuen 1.500 metroko proban, 04:05:03 denbora eginda.
Garaipenarekin "gustura" dago Azkoitia-Azpeitia Xeye taldeko atleta azkoitiarra. "Lesio baten ondorioz urtebetez lehiatu gabe egon naiz, eta Gabonak aldera hasi nintzen berriro entrenatzen. Euskadiko Txapelketakoa bigarren lasterketa izan da, eta ez nuen espero horren ondo egitea. Atzetik aurrera egin nuen lasterketa, eta ondo atera zitzaidan", adierazi du Perezek.
Asteburuan bukatu zuen Perezek pista estaliko sasoia, eta orain udan pista irekian jarduteko entrenatuko du Pedro Muñoz entrenatzailearekin. "Martxa hartzen joan nahi dut pixkanaka, lehengo denborak egitera itzultzeko. Udan ere 1.500 metroko probetan lehiatu nahi dut, niri ondoen datorkidan eta gehien gustatzen zaidan proba delako", azaldu du atleta azkoitiarrak.