Bihar hasi eta igandera bitartean, Munduko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa jokatuko dute Irlandan, Donegal konderriko Letterkenny hirian. Urola Kostako bi tiralarik parte hartuko dute txapelketan: Maider Etxezabalek (Azpeitia, 1990) Arabako Badaiotz taldearekin, eta Xabier Eizagirrek (Azkoitia, 1967) Gipuzkoako Ibarra taldearekin. Bi tiralariak "gogoz" eta "ilusioz" daude txapelketa jokatzeko.
Euskal Herriko hamar sokatira klubetako taldeak ariko dira txapelketaren barruan jokatuko den nazioarteko kluben arteko lehian. Txapelketa hori bihar eta etzi jokatuko dute. Basque Country izendapenarekin bederatzi klub ariko dira: Arabako Badaiotz eta Bizindar; Bizkaiko Gaztedi eta Murueta; Gipuzkoako Ibarra; eta Nafarroako Antsoain, Berriozar, Beti-Gazte eta Txantrea. Horiez gainera, Lapurdiko Zuraide sokatira taldeak ere parte hartuko du.
Kluben arteko sokatira txapelketaren ondoren, nazioen arteko Munduko Txapelketa jokatuko dute; larunbatean eta igandean izango da. Kasu horretan, Euskal Herriko Goma Gaineko Sokatira Txapelketako talde txapeldunek ordezkatuko dute Euskal Herria. Hala, Etxezabalek 500 kiloko txapelketa jokatuko du Badaiotzekin, eta Eizagirre Ibarrarekin ariko da 640 eta 560 kilokoetan.
Munduko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa bi urtetik behin jokatzen dute, eta aurrekoetan ere aritutakoak dira biak: Etxezabalentzat hirugarren munduko txapelketa izango da, eta Eizagirrerentzat bigarrena.
"Dena emateko prest"
Hirugarren munduko txapelketa izango da Etxezabal tiralariarentzat Irlandakoa. Aurrez, orain lau urte, Irlandan bertan, Castlebarren, jokatu zuen, eta duela bi urte, Txinan; handik, gainera, zilarra irabazita itzuli zen. Gogotsu dago azpeitiarra munduko txapelketa nagusia hirugarren aldiz jokatzeko: "Beti izaten da ederra munduko txapelketara joatea eta beste herrialde batzuetako tiralarien kontra jardutea. Aurten, Euskal Herritik talde asko goaz, eta kluben arteko txapelketan gertukoen kontra gogor borrokatu beharko dugu. Baina dena emateko prest joango gara". Eizagi-
rrerentzako ere esperientzia ederra izan zen Txinakoa, azkoitiarra ere zilarrezko dominarekin itzuli baitzen.
Gaur bertan joango da Etxezabal Irlandara; Eizagirre, berriz, astelehenean joan zen hara Ibarrako taldekideekin. Txapelketan parte hartzeko pisaketa izango dute gaur tiralari guztiek. "Gero, pisu horrek txapelketa guztirako balio du. Pisu txikian parte hartzeko, taldeko tiralari guztien pisuak batuta, 500 kilo azpitik eman behar du. Beraz, ondo neurtuta joatea komeni da. Aurretik agoantatu egin beharko dugu, eta pisatu ondoren, hoteleko bufeta husteko aukera izango dugu", azaldu du, barrez, Etxezabalek. Eizagirrek ere hala dio: "Pisatu ondoren lasai jateko eta edateko aukera izango dugu. Baina ordura arte goseari eutsi beharko diogu".
Txinako taldeak falta
Bihar hasiko dute sokatirako kluben arteko lehia tiralariek. Euskal Herrikoen artetik, Lesakako Beti-Gazte taldea aurten "oso indartsu" dabilela nabarmendu du Eizagirrek.
Mundu mailan, goma gainean sokatiran, gizonetan nahiz emakumeetan, Txinakoak dira tiralari indartsuenak; hala azaldu dute bi kirolariek. Oraingo txapelketan, ordea, ez dute parte hartuko txinatarrek, koronabirusa dela eta. "Txinako emakume tiralariak alde handiarekin dira onenak. Munduko txapelketa jokatzeko izena emanda zeuden, baina azken momentuan atzera egin dute. Pena da maila horretako talde bat ez egotea, halako lehia batean talde onen kontra jokatzea nahi izaten delako. Taiwaneko emakumeak joango dira, ordea, eta haiek ere oso-oso onak dira sokatiran", azaldu du azpeitiarrak. Txinakorik egon ez arren, aurkari faltarik ez dutela izango dio Eizagirrek ere: "Eskoziakoak, Irlandakoak, Herbehereetakoak eta Suitzakoak ere talde onak dira".
Ahalik eta lanik onena egiten saiatuko dira bi tiralariak, etxera dominaren bat ekartzeko.