"Omenaldia? Niri? Eta hori?". Harrituta eta "kezkatuta" dagoela aitortu du Pako Epelde Larreak (Azpeitia, 1938), Azpeitiko Parrokiaren bueltan ibiltzen diren musikariek eta beste zenbait lagunek gaur gauerako prestatu dioten afari berezia dela eta. "Bidegabekeria dela ere uste dut, ez naiz-eta parrokian lanean aritzen den bakarra". Baina ezkutuan zein agerian urte luzeetan egindako eta egiten jarraitzen duen lanak aitortza hori merezi duela erabaki dute Epelderen ingurukoek.
Ia-ia parrokian "jaio" zela dio berak, eta iarik gabe, parrokia eta Parrokia –eraikina eta erakundea– gutxik bezala bizi eta ezagutzen ditu. Soreasuko Sebastian Donearen parrokiaren atariko etxe batean sortua, aita Felix eliza hartako sakristaua zen bera jaiotzerako. 1924tik 1970eko hamarkadaren bukaera aldera arte bete zituen sakristau lanak Felix Epeldek Azpeitiko Parrokian, mende erditik gora, bizi oso bat herriko eliza nagusiari emana. Berea ez ezik, Epelde Larrea familia osoaren bizitzaren ardatz bihurtu zen parrokia.
Herentzia, atseginez
Parrokiarekiko lotura halabeharrez jaso zuen Epeldek, baina herentzian jasotakoa gustura bereganatu eta landu duela esan daiteke. Aitak ez bezala, kargurik gabe, baina sakristauei dagozkien lanetatik hasita, urteekin sakontzen eta areagotzen joan da bere borondatezko inplikazioa, baita landutako esparruak biderkatzen ere. Azpeitiko notaritzan hasi zen lanean Epelde 1958an, eta lanpostu berean hartu zuen erretiroa 2003an. Parrokiako boluntario eginkizunetatik, ordea, ez da oraindik jubilatu.
"Soldata bat, baina lanean denok", dio, sakristau kargua aitarena zela baina familia osoari eragiten ziola adierazteko. Saninazioetarako prestaketak ditu gogoan. "Elizari buelta bat ematen genion, e? Lanparak jaitsi eta garbitu, erretaulan iristen ginen tamainara arte hautsak kendu... Lurra serorek garbitzen zuten, baina bestelako elementu horiek gure kontura izaten ziren". Kanpaiak jotzea ere bai. Matxuraren bat-edo tarteko noizean behin kanpandorrera igo beharra izaten bazuten ere, bere garairako elektrifikatuta zegoen kanpaiak jotzeko sistema, eta etxetik jotzen zituztela du gogoan. Egunero hirutan, gutxienez: matutiak, goizean goiz; angelusa, eguerdian; eta azken abisua, iluntzean. Hil kanpaiak edo agoniak ere jotzen zituzten, norbait hiltzen zenero. Eta hiletak 'kategoriaren' arabera egiten ziren garaian –familiak ordaintzen zuenaren arabera, alegia–, hileta motaren arabera kanpaiak era batera edo bestera jo behar izaten zituztela ere azaldu du.
Sakristau laguntzaile lanekin batera, parrokiako musika jarduerarekin lotura estua du aspalditik Epeldek. Julian Barrenetxea organo-jotzaile eta koruko zuzendari ospetsuaren tokia Javier Altunak hartu zuenetik, bereziki. Beste Altuna batek, Jose Marik, haren lekukoa hartu zuenean ere jarraitu zuen harremanak. Epeldek hartu zuen sasoi hartan, besteak beste, korukoen entseguetarako abisuak pasatzearen ardura, baita partiturak inguratu eta haien kopiak egitearena ere. Gaur arte jarraitu du horrelako eginkizunetan, baita organo-jotzaileen txandak-eta antolatzen ere. Parrokiako Koruko kide da, eta Julian Barrenetxea abesbatzan ere ibili zen. Eta Carmelo Otaegirekin eta Pedro Illarramendirekin batera, partituren eta bestelakoen artxiboa txukuntzen eta osatzen ordu asko eman ditu.
Begiratzen jakin behar
Imanol Eliasekin, Jose Ignacio Alberdirekin eta Javier Iraetarekin batera parrokiako artelanen inbentarioa egiten ere aritua da Epelde. Azpeitiko eliza nagusiaren historiaz, arkitekturaz eta artelanez zerbait jakin nahi duenak, sakristauaren semearengana jo besterik ez du.
Urteekin gizentzen joan den jakituriaren berri eman izan dio dozenaka bisitari talderi. Azken urteetan, turismo bulegoek-eta jo izan dute Epelderengana parrokian gida lanak egin ditzan, baina horretan ere umetan hasi zen. Horrela ezagutu zuen, esaterako, San Inazioren pontea ikustera joan zen Angelo Giuseppe Roncalli italiarra, gero Joan XXIII.a aita santua izango zena.
"Nire eginkizuna da jendeak arreta jartzea berez jarriko ez lukeen gauzetan", dio, gida lanaz. Gutxiago maite du Epeldek arreta beregan jartzea, baina gaur ezingo du hori saihestu.