Ikasteko gela egokitu dute Azpeitiko Sindikatu Zaharrean

Urola Kostako Hitza 2020ko ots. 13a, 15:37

16 urtetik gorakoek erabili ahal izango dute udalak "proba gisa" prestatu duen ikasgela. Egunero irekiko dute, astelehenetik igandera, 08:00etatik 22:00etara, datorren astelehenetik aurrera.

"Hainbat herritarrek egindako eskaerei" erantzunez, ikasteko gela berria egokitu du Azpeitiko Udalak Sindikatu Zaharraren eraikinean. Lehen solairuan jarri dute, hango bi bilera geletako bat moldatuta, eta 30 bat lagunentzako tokia dago bertan. 16 urtetik gorakoek erabili ahal izango dute ikasgela. Otsailaren 17tik aurrera, astelehenetik ostiralera egunero egongo da erabilgarri, 08:00etatik 22:00etara.

"Liburutegira jende asko joan ohi da ikastera, beteta izaten da askotan. Horretaz gain, asteburu osoan irekita izango den leku baten beharra azaldu izan digute Denon Artean prozesuaren bidez", adierazi du Leire Goenaga Hezkuntza batzordeburuak. Zinegotziak azaldu du, era berean, "proba gisa" jarriko dutela martxan Sindikatu Zaharreko ikasgela, "ordutegi eta azpiegitura egokiak" al diren ikusteko. "Herritarren behar batetik abiatutako proiektua da, erabilera ikusi eta joango gara egin beharreko aldaketak egiten", gaineratu du Goenagak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide