Jaioterrian estreinatuko du Ekain Ibargurenek bere ikuskizun berria. Ekaintxou emanaldiarekin hainbat herri igaro ostean, Alejop! ikuskizuna taularatuko du pailazo azpeitiarrak larunbatean, Soreasu antzokian. Ibargurenek dio gorputzak "ikuskizun berri bat" eskatzen ziola, eta hortik sortu dela Alejop!: "Esketx laburrak eta desberdinak izango dira ikuskizun berrian, baina Ekaintxouren formatu berbera izango du. Publikoarekin jolasak egingo ditut, baita eskujokoak ere".
Lehen emanaldia herrian egitea zer den galdetuta, azpeitiarrak dio ez diola gehiegi eragiten: "Kontua ez da herrian antzeztu edo ez, zerbait desberdina egiteak jartzen nau urduri". Bestalde, azpeitiarrak "okerrago" pasatzen du kamerinoan, agertokian baino: "Jendaurrera ateratzen zarenean ez dago atzera bueltarik, 500 pertsonaren aurrean lasaiago egoten naiz kamerinoan bakarrik baino". Dena den, Ibargurenek ez du ukatu Soreasuk kikiltzen ez duenik: "Familia eta lagunak bertan egongo diren arren, Soreasu oso handia da eta munstro horretan antzezteak errespestua ematen dit".
Ibargurenen hirugarren bakarkako ikuskizuna izango da Alejop!. Ekaintxouren ostean Ekain eta ekainkeriak emanaldia prestatu zuen pailazoak, baina emanaldia ez zela "bideragarria" ikusi zuen: "Ekain eta ekainkeriak ikuskizunarekin gertatu zitzaidana da Soreasu antzokirako bideragarria zela, tekniko bat nuelako laguntzen, baina, adibidez, ez zen egokia Aizarnako plazarako". Hori dela eta, pare bat emanaldi egin ostean, utzi egin zion ikuskizun hori taularatzeari.
"Erreferenteetatik abiatuta" sortu du pailazo azpeitiarrak Alejop! ikuskizuna: "Ikusten duzu garai bateko pailazoek zer egiten zuten, eta hortik ideia batzuk hartzen dituzu". Ibargurenek dio hainbat ikastaro ere egin izan duela, baina ez dela horien zalea: "Moduak eta moduak daude lan egiteko, eta bata edo bestea gustatu ahal zaizu. Ni neu ez naiz ikastaroen oso aldekoa, ez naiz eroso sentitu horietan", azaldu du. Txiki-txikitatik izan du Ibargurenek pailazo munduarekiko interesa, gogoan du amari pailazo izan nahi zuela esaten zion garaia: "Amari esaten nion handitan Porrotx bezalakoa izatea nahi nuela, eta hark esaten zidan ikasteko lehenik, eta gero egingo nuela nahi nuena". Urteak igaro ahala, Ibargurenen pailazo izateko grina ez zen eten, ordea: "Telebistan ikusten nituen zirkuko pailazoak, gero Charlie Rivel pailazoa ezagutu nuen, eta Charlie Chaplinen filmak ere ikusten nituen", dio pailazo azpeitiarrak.
Ibilbide oparoa
Txantxalgara taldearekin herriz herri emanaldiak egiten hasi zenean murgildu zen Ibarguren pailazo munduan, eta "garai politak" izan zirela gogoan du: "Txantxalgara taldearekin ikusi nuen herriz herri ibiltzea eta antolatzaileekin tratuak egitea zer zen. Gipuzkoako herri askotatik igaro ginen, eta jendea oso gustura gelditzen zen ikuskizunarekin". Orduz geroztik, gelditu gabe ibili da pailazo azpeitiarra batean eta bestean, eta hainbat diziplinatan ondu du bere ibilbide artistikoa; besteak beste, Euskal Telebistako 3zpa4 saioan Amets pertsonaia gorpuztu zuen, eta Gure Zirkuarekin Euskal Herri osoan zehar ibili da eskujokoak egiten.
Ibargurenek argi du zirkuan sentitzen dela erosoen: "Pailazoarena egiten edo eskujokoekin, baina zirkua da nire lekua", dio. Normalean bakarka lan egitea nahiago duen arren, zirkuan lantaldean aritzea ere gustatzen zaiola dio: "Ekaintxourekin Nuarbeko festetara joaten nintzenean, teknikoa eta ni soilik izaten ginen. Halakoetan, zerbait gaizki eginez gero, zure buruarekin haserretzen zara. Gure Zirkuan, ordea, sekulako kuadrillarekin aritzen zara lanean, eta zerbait gaizki egiten baduzu, babestuta sentitzen zara".
Larunbateko ikuskizuna prestatzen dihardu Ibargurenek egunotan, eta bere helburua "jendeak ondo pasatzea" dela dio: "Jendeak uste du pailazoen ikuskizun guztiek pedagogikoak izan behar dutela, baina ez dut uste pailazo baten lana denik umeak heztea". Azpeitiarrak dio askok ez dutela ulertzen umeen aurrean zenbait gauza esatea: "Nork esan du pailazoak umeen kontua direnik?". Sudur gorriak ez du adinik pailazo Ekain Ibargurenentzat, eta Alejop! ikuskizunarekin barrez jarri nahi ditu larunbatean haurrak, gazteak nahiz helduak.