Grebaren eragina nabarmena ari da izaten goizetik Azpeitian; saltoki ia denak itxita daude –goizeko lehen orduan zabalduta zeuden batzuk itxi egin dituzte gero–, eta lantegi askok ere grebarekin bat egin dute. Protestak ere hasi dituzte dagoeneko: eguneko lehen manifestazioa 09:00 pasatxoan hasi egin dute dozenaka lagunek. Plazan elkartu dira horiek, eta Azpeitian ere lan-pentsio-bizi duina. Gaur greba orokorra lelodun pankarta eskuetan hasi dute ibilbidea. Goizean irekita zeuden saltoki bakan batzuetara sartu dira grebalariak ixteko eskatzera, hala nola 1766ko Matxinada kaleko Eroskira, Sanjuandegiko Eroskira eta Foru pasealekuko BM supermerkatura.
Azpeitiko Greba Batzordeak gaurko deialdiaren lehen balorazioa egin du. Batzordeko kideek UROLA KOSTAKO HITZAri adierazi diotenez, greba jarraipen "oso ona" izaten ari da Azpeitian. 07:00etan egin dute auto karabana hainbat industriagunetan barrena, eta lantegi gehienak "itxita" zeudela adierazi du batzordeak. Gero, 09:00etan, manifestazioa egin dute dozenaka lagunek, eta herriko saltoki ia guztiak itxita zeudela jakinarazi dute. "Baziren supermerkatu batzuk irekita, baina dagoeneko itxi dituzte". Azpeitiko Greba Batzordea "gustura" da greba izaten ari den erantzunarekin: "Orain artean, emaitza ona izan du deialdiak".
Hona hemen, gaur goizeko manifestazioko irudi bilduma:
Azpeitiko Greba Batzordeak hainbat ekintza eta mobilizazio antolatu du gaurko. Honako hitzordu hauek jarri dituzte datozen orduetarako:
11:15 Autoz Donostiara joateko hitzordua, Azoka Plaza atzetik.
16:00: Zaintza lanetan dabiltzan emakume migranteekin solasaldia Azoka Plazan.
18:00: Manifestazioa, plazatik.