Azkoitiko eta Azpeitiko garbiguneak itxita egongo dira etzi, greba orokorraren eraginez

Urola Kostako Hitza 2020ko urtarrilaren 28a

Etzi, osteguna, greba egingo dute Urola Erdiko Mankomunitateko langileek. Hori dela eta, bi garbiguneak itxita egongo dira, eta egun horretan ez dute hondakinen bilketarik egingo.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak greba orokorra deitu du ostegunerako, eta Urola Erdiko Mankomunitateko langileek bat egin dute greba deialdiarekin. Hori dela eta, Azpeitiko eta Azkoitiko garbiguneak itxita egongo dira ostegunean, eta egunean zehar ez dute hondakinik jasoko. Beraz, herritarren edukiontzietako nahiz saltokietako eta industriaguneetako hondakinak jaso gabe geldituko dira.

Bestalde, greba dela eta, industriaguneetan aldaketa batzuk izango dira. Urola Erdiko Mankomunitateko kideek adierazi dutenez, "gune horietan kartoi bolumen handia sortzen da, eta astebete hondakin horiek ez jasotzeak arazoak sor diezazkioke zenbait enpresari". Hori dela eta, bihar, asteazkena, egingo dute kartoi bilketa, eta asteazkenetan izaten den film bilgarriaren bilketarik ez dute egingo.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide